jueves, 12 de septiembre de 2019

XXI. MIKOLOGIA ETA GASTRONOMIA JARDUNALDIAK LOIOLAN


XXI. Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak egingo dituzte Loiolan



Onddo zaleek eta jatunek hitzordu bat dute irailaren 16tik 29ra Loiolan. Hain zuzen, XXI. Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak egingo dituzte, eta gaur aurkeztu dute egitaraua Loiolatarra Kirol Elkartean. 21 urte dira jardunaldiok egiten dituztela, eta Jon Urbieta Loiolako kultur etxeko zuzendariak nabarmendu du auzotarren eta auzoko eragile askoren lanaren emaitza direla: “Mikologia jardunaldiak aitzakia bat dira auzotarren topagune bat sortzeko, eta ederra da denek izaten duten inplikazioa”. Hain zuzen, Loiolatarra Kirol Elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, baina, besteak beste, Loiolako kultur etxea, Sustrai Aisialdi taldea, eta Laboral Kutxa izan ditu bidelagun.
Antolatzaileek jardunaldien aniztasuna nabarmendu dute, izan ere, askotariko jarduerak programatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak eta dastaketak. Mikologiak eta gastronomiak protagonismoa izan arren, modu transbertsalean jarduera guztiak zeharkatzen dituzten balioei garrantzia eman diete antolatzaileek: naturarekiko errespetua, jasangarritasuna, euskararen erabilera, emakumeen presentzia gastronomian zein mikologian,  eta abar. “Lehen urteetan gastronomiak pisu handia zuen jardunaldietan, baina gero eta txikiagoa da; beste gai asko sustatzen saiatzen gara”, azaldu du Urbietak.
Egitarauan beste urteetako hainbat jarduera mantendu badituzte ere, berritasunak ere izango dira. Esaterako, Daniel Palacios adituaren presentziak ez du hutsik egingo oraingoan ere. Berrikuntzetako bat izango da irailaren 28an egingo duten tailerra: Perretxikoak eta artisau garagardoa. Manu Murillo garagardogilearekin, Mala Gissonaren garagardoa eta perretxikoak ezkontzeko aukera izango dute jardueran izena ematen dutenek. Plater nagusia, baina, hilaren 29an egingo duten Perretxiko jaia izango da.
Hona hemen egitarau osoa:

railaren 12tik 27ra
  • Erakusketa: argazkiak, pintura, liofilizatutako perretxikoak, eta abar. Loiolako kultur etxean.
Irailak 16, astelehena
Mikologia ikastaroak:
  • Oinarrizkoa, hastapenak ikasle berrientzat: mota desberdinen sailkapena.
  • Oinarrizkoa I-II, aurreko ikastaroetako ikasleentzat: familiak eta habitata. Material didaktiko gisa Disfrutando con las setas liburua erabiliko da. Egilea ikastaroen irakaslea da, Daniel Palacios aditua; materialaren prezioa 28 eurokoa izango da. Irailaren 16tik 24ra (8 egun). Hilaren 21ean irteera didaktikoa egingo da mendira, eta ikastaroaren prezioa 20 eurokoa izango da.
    • Ordua: 19:30etik 21:00etara.
    • Izen ematea: Loiolako kultur etxean eta 943 454 605 telefonoan.
Irailak 25, asteazkena
  • Hitzaldia: Perretxikoen bilakaera klima aldaketaren arabera. Gabriel Moreno Horcajada izango da hizlaria, Botanikan katedraduna eta Alcala de Henaresko unibertsitateko Biologia Begetaleko Saileko kidea. Loiolako kultur etxean, 19:30ean.
Irailak 26, osteguna
  • Tailer-dastaketa: Perretxikoak eta artisau garagardoa. Manu Murillo garagardogilearekin eta Mala Gissonako garagardoarekin. Loiolatarra Kirol Elkartean, 20:30ean. Plaza mugatuak izango dira.
Irailak 27, ostirala
  • Afaria: dastaketa mikologikoa. Asier Salaberriak prestatuko du afaria, El Fogon Donostiarrako sukaldariak. Loiolatarra Kirol Elkartean, 20:30ean. Plaza mugatuak izango dira.
Irailak 28, larunbata
  • Jasotako perretxikoen harrera, aukeraketa eta sailkapena. Goizez eta arratsaldez izango da, eta igandeko erakusketarako izango dira. Sariak egongo dira, antolakuntzaren iritziz, merezi duten aleentzat edo sari beteenarentzat. Loiolatarra Kirol Elkartean, 9:00etatik 18:00etara.
Irailak 29, igandea
  • 10:30 Erakusketa: jasotako eta sailkatutako perretxikoak, mahai didaktikoa, eta produktu mikologikoak eta gastronomikoak.
  • 11:00 Perretxiko-pintxoen dastaketa herrikoia, haurrentzako marrazki tailerrak eta haurrentzako tailerrak eta astotxo-ibilaldia. Sustrai auzoko aisialdi taldeak antolatuta.
  • 12:00 Perretxiko erakusketaren bisita gidatuak.
  • 13:00 Erakusketaren ekarpen mikologiko onenen sari banaketa.
  • 13:30 Erakusketako bisitarien artean, produktu mikologikoak zozkatuko dira.
  • 14:30 Klausura.
Goizean zehar, Pintxoaren ibilbidea egiteko aukera izango da: auzoko tabernek perretxiko-pintxoak eskainiko dituzte.
Irutxuloko Hitza - Irati Salsamendi (2019-09-12)