martes, 24 de noviembre de 2020

LOIOLAKO KUARTELETAKO LURSAILA UDALAREN ESKU

 Badirudi pixkanaka Loiolako kuartelen desagertzeko pausuak ematen ari direla. Udalaren asmoa bertan etxebizitzak egitea da. Ea zer gertatzen den.

  Parece que poco a poco se están dando pasos para la desaparición de los cuarteles de Loiola. El ayuntamiento quiere construir viviendas en los terrenos. A ver que pasa. 

Loiolako kuarteletako lursaila udalaren esku gelditu ahal izateko akordioa lortu du EAJk

EAJk Espainiako Aurrekontu Orokorren aldeko botoa emateko negoziazioetan –jeltzaleek aldeko botoa emango dute– itxi dute akordioa, duela bi aste Esperanza Casteleiro Estatuko Defentsa idazkariak Senatuan lursaila udalaren esku gelditzeko aukera baztertu ondoren. Akordio horrekin, udalak kuarteletako lursaila Defentsa Ministerioari erosi ahal izango dio datorren urtean, birkalifikatzen prozesu bat egin ondoren. Udalaren aspaldiko eskaera da hori, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den lursail bakarra baita –hogei bat hektarea ditu–; udalak etxebizitzak egin nahi ditu han.




Eneko Goia alkatea pozik agertu da akordioarekin: “Estatu idazkariak duela gutxi Senatuan esandakoa entzun ondoren, atsekabetuta egon ginen, ikusten genuelako gai honek agian ez zuela ibilbide gehiago izango. Akordio honen terminoak ikusita, ordea, egin beharreko balorazioa oso positiboa da. Izan ere, akordioan jasotzen da udalak lursail horiek erosteko prozesua abiaraztea, eta ez da jasotzen udalak ahalbidetu behar duenik kuartelak beste nonbait jartzea; jabe baten eta udalaren artean konpromisoa hartzen da, salerosketa bat egiteko”. Izan ere, orain arte Defentsa Ministerioak udalari eskatzen zion kuartelak birkokatzeko beste lursailen bat eskaintzeko, baina udalak eskaini dituen guztiei –Zubietako, Altondegi Garaiko eta hipikako lursailak– uko egin die Ministerioak. “Akordioak beste perspektiba batetik eginda dago, eta lanerako bidea irekitzen du”, gaineratu du Goiak.

Militarrekin zer gertatuko den galdetuta, Goiak adierazi du hori dagoeneko ez dela bere ardura: “Hori da akordio honekin eman den aldaketa handiena”. Alkateak azaldu duenez, 2021ean birkalifikazioa egiteko hitzarmena egin beharko dute, salerosketa prezioa zehazteko: “Guk aitortzen dugu lursaila ejertzitoarena dela, eta ez dugu lursaila oparitzea nahi; gu prest gaude ordaindu beharrekoa ordaintzera, hiriak une honetan jarraitzen dituen helburuak betetzeko: etxebizitzak sustatzea, eta, hein handi batean etxebizitza publikoak. Beraz, gure betebeharra beste edozein eroslerena da: prezio bat adostea eta lursaila erostea”.

Lursailean egingo dituzten etxebizitzei dagokionez, alkateak nabarmendu du ezin duela kopuru zehatz bat esan: “Hori fin ikusi behar da. 1.600 izan daitezke, baina fin begiratu behar da, Urumea ibaiari dagozkion hainbat aktuazio aztertu behar direlako: zubia eta kurban dagoen lursail zati bat. Era berean eztabaidatu beharko dugu zein etxebizitza eredu nahi dugun. 1.600 esan dut, baina ez da batere zehatza, faktore askoren menpe dago”.

IRUTXULOKO HITZA - 2020-11-24 (Argazkia: Joxemai)

https://irutxulo.hitza.eus/2020/11/24/loiolako-kuarteletako-lursaila-udalaren-esku-gelditu-ahal-izateko-akordioa-lortu-du-eajk/