viernes, 18 de octubre de 2013

SUSTRAI IRUTXULOKO HITZAN

Aste honetako Irutxuloko Hitzaren azaleran Sustrai Aisialdi Taldekoak dira protagonista:


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
LOIOLAK BATZEN DITUELAKO
Haurrentzako Sustrai Aisialdi Taldea sortu dute zortzi gaztek, Zuhaitz desagertu zenetik auzoan zegoen hutsunea bete nahian; iazko azaroan hasi zuten ibilbidea, eta oso harrera ona izaten ari dira.
Hamar urte inguru dira Loiolan haur eta gaztetxoek zuten aisialdi talde bakarra desagertu zenetik, Zuhaitz. Ibilbide oparoa izan zuen taldeak, auzoa girotu eta hainbat jarduera antolatzeaz gain, irteerak eta udalekuak ere egiten baitzituen. Zuhaitz bizirik mantendu zuten gazte haiek, ordea, ez zuten lekukoa nori igaro lortu, eta desagertu egin zen. Orain, urte batzuk geroago, Sustrai Aisialdi Taldea jaio da, auzoko gazte batzuen eskutik. Ibilbidea hasi berria duten arren, lanerako gogoz daude, eta haietako batzuekin bildu da IRUTXULOKO HITZA.
Sustrai nolatan sortu zen azaldu du Eder Pikazak: «Jai batzordekoek bazekiten Ander eta biok La Salle ikastetxeko Izartxo aisialdi taldean esperientzia genuela, eta jaietarako tailertxoren bat antolatzeko eskatu ziguten. Pare bat urtez aritu ginen horrela, eta erantzuna oso ona izan zen. Orduan, auzoko jendearekin talde bat mugitzearen beharra ikusi genuen. Pixkanaka ezagutzen hasi ginen jendearengana gerturatu ginen; Aitziber, Eneko…».
Hala, iazko azaroan, lehen bilerak egin zituzten, eta gaur egun, zortzi lagunen artean daramate taldea: Aitziber Sampedro, Eder Pikaza, Ander Edo, Eli Galiana, Pello Epelde, Eneko Sanchez, Mikel Cruz eta Irati Cano. «Euskararen Egunean egin genuen lehenengo jarduera Sustrai izenarekin, eta oso polita izan zen», oroitu du Ander Edok. Jarduera gehiago antolatu zituzten pixkanaka, eta elkartea formalki sortu zuten.
Auzoa egiten
Helburua argi dute guztiek ere: Auzoko bizitza egitea, gurasoak haurrekin kalera jaistea eta aisialdi hori euskarazkoa izatea. «Haurrek elkarrekin harremana izatea nahi dugu, komunean duten horren bueltan, Loiola auzoa bera», azaldu du Edok. Azken batean, herri giroa bultzatu nahi dute, haurren aitzakiarekin auzoko jendea batuz.
Momentuz, kultur etxeko Jon Urbietaren eta ihauterietako Tantai konpartsako Pili Jauregiren laguntza handia jasotzen ari da Sustrai; eta aurrerantzean ere auzoko elkarteekin harremana estutu nahi dute: Loiolatarra elkartea, Hontza elkartea… «Auzoa egiteko oso garrantzitsua da elkarte guztiekin elkarlanean aritzea. Gure izaera zehazterakoan jarri genuen, apolitikoak eta akonfesionalak garela. Auzoa girotzea besterik ez da gure asmoa», zehaztu du Pikazak.
Talde berria sortzean, helburuak bai, garbi zituzten, baina izena? Eztabaidarako kontua izan zela onartzen dute gazteek, baina, azkenean, Eneko Sanchezek denak isilarazi zituen esaldia bota omen zuen: «Ez dakit zertarako eztabaidatzen duzuen, Sustrai izango da gure izena!».
Horrela gauzak, Zuhaitzekin lotura mantentzea lortu dute, eta auzoan errotuak daudela adierazi nahi dute. «Guk ez genuen Zuhaitzen garai oparo hori bizi, baina badakigu auzoari bizia eman ziola eta auzotarrek oroitzapen onak gordetzen dituztela. Orduan, horrekin lotu nahi genuen», nabarmendu du Pikazak.
Gainera, otu zitzaizkien gainontzeko izenak ez omen zirela oso ponpoxoak onartu du Aitziber Sampedrok. Gauzak hala, dagoeneko harremanetan jarri dira garai batean Zuhaitz eramaten zutenekin, eta proiektu bat abian jarri dute, elkartu eta ikus-entzunezko bat osatzeko.
Handitzeko gogoz
Gazteak dira Sustraiko kideak, 22 eta 33 urte artean dituzte, eta haur zein gaztetxoengana iritsi nahi dute. Pikaza eta Edo La Sallen irakasle lanean ari dira; beraz, bertako haurrekin harreman zuzena dutenez, auzoan zerbait antolatzen dutenean jakinarazi egiten diete, eta asko hurbiltzen dira.
Hala ere, Arantzazuko Ama zein Ikasbideko haurrengana iristea lortu nahi dute, euren plangintzaren berri emanez. Orain arte, 7-12 urte arteko haurrei zuzendu dira bereziki, baina adin tartea handitzea ere buruan dute. Hasiberri den ikasturteari, Perretxiko jaian egin dute lehen jarduera. Izan ere, Loiolatarra elkarteak antolatzen duen Mikologia eta Gastronomia jardunaldiak Perretxiko jaiarekin bukatzen dira, eta aurten, lehen aldiz, haurrek euren txokoa izan dute bertan.
Sustraikoek jolasak antolatu zituzten Latsarien plazan, eta hala, gurasoak perretxiko artean zebiltzan bitartean, haurrak ere gustura ibili ziren.
Horretaz gain, urtean zehar jarduerak antolatuko dituzten egun zehatzak buruan dituzte: Saninazioak, Euskararen Eguna, ihauteriak, San Juan sua… eta hortik aurrera sortu daitezkeenak.
Edonola, oraindik ere ezagutza prozesuan daude, gurasoei euren jardueraren berri ematen. «Etorkizunari begira, irteerak eta udalekuak buruan ditugu, baina oraindik hasiberriak gara. Gurasoek nortzuk garen jakin behar dute eta euren konfiantza lortu behar dugu», azaldu du Sampedrok.
Hala, aurrera begira hainbat proiektu dituzte buruan, eta momentuz, erabaki bat behintzat hartu dute, euren kolorea berdea izango dela.
Astelehenero bilerak egiten dituzte, ahal dutenean behintzat. Azken batean, bakoitzak bere lana baitu. «Hasieratik esan genuen bakoitzak ahal duena eta nahi duena egiten duela. Borondatezko lana da, konpromisoa eskatzen dugu, baina bakoitzak ateratzen zaiona egiten du», argitu du Eli Galianak.
Edonola, pozik daude gazteak. «Askok ez genuen elkar ezagutzen eta gure artean sortu den giroa polita da», dio Galianak. Talde erdia hezkuntza mundutik dator, baina gainontzekoak ez. Argi dago, ordea, guztiek haurrak gogoko dituztela, bestela ez liratekeelako halako kontu batean sartuko. «Harrera ona izaten ari da proiektua eta jendeak begi onez ikusten du», gehitu du Edok.
Bi helbide
Harremanetarako, Interneteko bloga eta posta elektronikoa dituzte. Hauek dira helbideak: sustrailoiola.wordpress.com eta sustrailoiola@gmail.com, hain justu. Horrenbestez, euren jardueraren berri jakiteko aitzakiarik ez dago.

Irutxuloko Hitza - Estitxu Zabala 2013-10-18


No hay comentarios:

Publicar un comentario