jueves, 3 de abril de 2014

BEHIN BETIKO ONARPENA TXOMINEKO IBAI PARKEARI

Argazkitan behintzat ederra dirudi, ea errealitatean nola gelditzen den...
--------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
BEHIN BETIKO ONARPENA EMANGO DIOTE TXOMIN ENEAKO IBAI PARKEARI
Tokiko Gobernu Batzordeak Txomin Eneako ibai parkea egiteko hirigintza proiektuari behin betiko onarpena emango dio ostiral honetan, dagoeneko jaso baitute Eusko Jaurlaritzaren ingurumen txostena, proiektuari oniritzia ematen diona.
Ibai parkeak 4.167.549,05 euroko aurrekontua izango du, BEZa barne, eta 28.000 metro koadroko azalera izango du. Txomin Eneako hirigintza proiektuaren lehen fasearen bukaeran egingo dute ibai parkea. Izan ere, Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “behin betiko onarpena emanda, hiru hilabete beharko dira baldintzak zehazteko; ibai parkearen lanak bere gain hartzen dituen enpresaren araberakoa izango da lanen amaitze data”.
Txomin Eneako proiektu hau uholde arriskua gutxitzeko planaren barruan kokatzen da. Auzune berriaren maila igo egingo dute, eta etxebizitza berrien eta ibaiaren arteko eremuan egingo dute ibai parkea. Urpetu daitekeen eremua izango da, baina Burutaranek adierazi duenez, “ur goraldirik ez dagoen bitartean, aisialdirako erabili ahal izango den eremu atsegin bat izango da, eta uholdeak badaude, ez diete herritarrei kalterik eragingo”.
Ibai ertzeko ibilbideak
Hainbat ibilbideren bidez, ibai ertzaz eta natur inguruneaz gozatzeko aukera eskainiko dutela azaldu du Burutaranek. Hainbat zonalde zehaztu dituzte, ibaiarekiko duten distantziaren arabera.
-Hiri ibai ertza: parkera jaisteko denborarik ez duten oinezkoentzako izango da, urrutitik bada ere, parkearen zabalera osoaz gozatu ahal izateko. Zazpi metroko altueran kokatua egongo da.
-Paisaia ibilbidea: landare arteko ibilbidea da, 600 bat metrokoa, bizikletaz nahiz oinez egin ahal izango dena.
-Erribehera-hezegune ibilbidea: ibai ertzeraino helduko den ibilbidea da. Egurrezko elementuak izango ditu, ontziralekuak eta lur zingiratsuak, ibaiaz gozatu, hegaztiak ikusi, arrantza egin eta etorkizunean bainatzea ere ahalbidetuko dutenak.
Parkera bost sarbide egitea aurreikusi dute, horietatik hiru, arrapala bidezkoak. Gainera, landaredi artean egiteko ibilbideak ere egokituko dituzte, eta baita aisialdirako gune batzuk ere.
Ibai parkeko lanak
Lanek bi fase izango dituzte. Lehen fasean eraispen lanak egingo dituzte. Donosti Arraunen eraikina, udal hazitegiko etxola eta beste hainbat eraikin botako dituzte.
Bigarren fasean parkeko sarbideak eta urbanizazio lanak egingo dituzte.
Kristobaldegi komentuan ere eraldaketak egingo dituzte, urpetu daitekeen eremuan geratuko denez, ibaitik gertuen dagoen eraikina kendu eta beste aldean eraikuntza berri bat egingo dute.



Agurtzane Altuna - Irutxuloko Hitza 2014-04-02

No hay comentarios:

Publicar un comentario