Julen Chiapuso loiolatarrak Gipuzkoako Herriarteko esku pilotako txapela lortu du Donostiako taldearekin. Zorionak Julen!!!
DONOSTIAK HERRIARTEKO PILOTA TXAPELKETA IRABAZI DU
Gipuzkoako Herriarteko Pala Txapelketa irabazi ostean, pilotaren txanda izan da gaurkoa. Donostiak iazko txapeldun Oiartzunen aurka jokatu du, Atano III.ean, baina oraingo honetan donostiarrak izan dira garaile. Kategoria bakoitzeko, partida bana jokatu dute: jubenilak lehenengo, kadeteak ondoren; eta, azkenik, helduak. Txapeldunak izateko bi partida irabaztearekin nahikoa zuten arren, hiruetan aurkaria baino lehenago iritsi dira 22 tantora. Hortaz, 1998. urtetik lortzen ez zuen txapela eraman du, Donostiak Herriarteko Eskuzko Txapelketa irabazi du.
Kadeteetan, Iñigo Bikuñak (Gros, 1998) eta Jon Alberdik (Antiguo, 1998) ordezkatu dute Donostia. Lehenengo hiru tantoak Oiartzunek eraman ditu, baina gero gutxinaka erritmoa hartu dute, eta hamairu tanto erraz lortu dituzte. “Iñigok sakearekin min ematen du, eta horretan ongi ibili gara”, azaldu du Alberdik. Erdialdean, huts batzuk egin dituzte, eta aurkariak gertu izan dituzte (13-12). Azken zatia, berriz, ezin hobea izan da Donostiako bikotearentzat eta, etenik gabe, 22 tanto lortu dituzte (22-12). Bikuñak hasieran urduri egon diren arren, ongi ibili direla aitortu du, eta pozik daude bi pilotariak lortutako garaipenarekin.
Jubeniletako protagonistak Julen Chiapuso (Loiola, 1996) eta Mikel Aranguren (Antigua, 1996) izan dira. Eurek jokatu duten partida txapelketa irabazteko erabakigarria izan da. Izan ere, ongi hasi dira eta, pilotalekura bertaratu direnen animoekin, sakeetan Chiapusok abantaila lortu du. Hala ere, Oiartzungoak gutxinaka tantoak lortzen joan dira, markagailua 11-11 utziz. Donostiak hartu du berriro indarra eta hemeretzi tanto eskuratu ditu (19-13). Baina hortik aurrera, Oiartzun izan da nagusi. Bikote donostiarra harrapatu, eta aurreratu dute (19-21). Tanto bakarra behar zuen Oiartzunek partida irabazteko, baina lasaitu dira, eta Chiapuso eta Arangurenek aurkariak garaitu dituzte, 21-22. “Ondo ari ginen, partida kontrolpean genuen, baina gero urduri jarri gara. Azkenean, indarrak atera ditugu, pilota ere aldatu dugu eta ongo joan zaigu”, adierazi du Chiapusok.
Chiapuso eta Arangurenen lorpenak lasaitasuna eman diehelduen kategoriako pilotari Iker Urmeneta eta Xabi Ortiz de Urbinari. “Faboritoak beraiek ziren, baina finala irabazita genuen, eta lasai jokatu dugu”, azaldu du Urmenetak. Lasaitasun hori lehenengo zatian argi eta garbi utzi dute; 10-0 markagailua lortu dute, tanto gehienak Urmenetak egindako sakeekin. Ondoren, Oiartzun hurbiltzen saiatu da, baina hamaika tantora iritsi denerako iada berandu zen, donostiarrek partida irabazita zuten (22-11). Bikotea pozik agertu da, beraien garaipenarekin ez ezik, Herriarteko Txapelketa irazbateagatik. “Finala irabazteko talde orekatua izateak eragin du”, adierazi dute.
Pilotazaleen esperoan
Jose Mari Calonje entrenatzailearen aurpegian ere poztasuna nabaria zen, eta kadeteen partida txapelketako garrantzitsuena izan dela adierazi du. “21era berdinduta geundenean, batak ala besteak irabaz zezakeen, eta guk zortea izan dugu. Hala ere, merezita irabazi dugula uste dut”. Helduen partidan, “Oiartzungoek dagoeneko txapelketa galduta zutela zekin, eta horrek emaitzan eragina izan “.
Atano III.ean pilotazale ugari elkartu diren arren, oraindik Donostian zaletasun hori falta dela diote Calonje zein pilotariek ere. “Zenbait herrik inbidia ematen digute, pilotazale asko daude, baina Donostia berezia da. Ea garaipen honekin neska mutilak frontoira erakartzen ditugun”.
Orain, beraz, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa jokatuko dute, baina Donostiak tarte txikia izango du prestatzeko eta gaurko lanagatik atseden hartzeko. “Taldean zenbait pilotarik eskuak minduta dituzte, eta denbora izango bagenu, datorren txapelketarako aukera gehiago izango genituzke. Gaurko kargarekin goaz, eta zaila izango da”, aitortu du Calonjek.
Lide Ferreira - Irutxuloko Hitza - 2014-067-06
ZORIONAK CHAPUUUUUU!!!!
ResponderEliminar