miércoles, 16 de mayo de 2012

LANGABEZIA BEHERA AUZO GEHIENETAN, LOIOLAN ERE

Langabe kopuruak behera egin du Aste Santua dela medio

Lan Behatokiko datuen arabera, hirian 10.868 lagun daude lanik gabe; apirilean 117 herritarrek aurkitu dute lana.
Lanbideren zerrendetan izena emana dutenen kopurua murriztu egin da azken asteetan. (Argazkia: Mikel Goñi)
Urte hasieratik etengabe gora egin ondoren, langabe kopurua murriztu egin da Donostian. Joan den astean Espainiako Lan Behatokiak ezagutarazitako datuen arabera, apirilean 117 donostiarrek lana aurkitu zuten. Aldaketak, ordea, azken bost hilabeteetako emaitza txarren pilaketa gutxi hobetu du, 10.868 langaberekin amaitu baitzen hilabetea. Iaz, hilabete berean, Lanbideren zerrendetan zenbatutako hiritar kopuruarekin alderatuta, 450 donostiar gehiago dago lanik gabe. Hiriko langabezi tasa, beraz, biztanleria aktiboaren –lan egiteko prest dauden 16 urtetik gorako herritarrak– %11,8koa da.
Apirilekoa datu baikorra, nagusiki, Aste Santuko oporraldien harira egindako lan kontratazioen eragina izan da. Horren adierazgarri da, esaterako, lana aurkitu duten 117 lagunetatik 100 zerbitzuetan aritzea. Datozen hilabeteek ere beherakada ekarri beharko lukete, udako denboraldiko eginbeharretarako langile berriak hartu ohi baitira.
Nahiz eta langabe kopurua murriztu, pasa den hilabetean kontratazioak %3,8 jaitsi ziren. Izan ere, Donostia Sustapeneko Hiri Behatokiaren datuen arabera, 6.365 kontratu sinatu zituzten, martxoan baino 253 kontratu gutxiago. 2011ko zenbaketarekin alderatuz gero, kontratazioek %2,1 gora egin dute, iaz baino 133 gehiago sinatu baitziren. Kontratuen %94, 2 aldi baterako dira, %3,3 mugagabeak, eta %2,5 mugagabe bilakatutakoak. Gehienak, %58,8 emakumezkoei egin dizkiete. Iazko apirileko datuekin alderatuta ere, %5,2 hazi da hauei egindako kontratuen kopurua; gizonezkoei egindakoena, aldiz, %1,6 murriztu da. Dena den, lana aurkitu duten 117 donostiarren artean, gizonezkoak dira nagusi. Izan ere, haietatik 94 gizonezkoakbaitira, eta 23, emakumezkoak. Zenbatekoei begiratuz gero, joera bera da. Lan bila dabiltzanen artean emakumezkoak dira nagusi. Guztira, 5.751 dira; gizonezkoak baino 634 gehiago, hauek, 5.117 baitira.
Eraikuntza, hazi den bakarra
Adin tarteei dagokienez, multzo guztiak murriztu dira, eta 25 eta 45 urte artekoek nagusi izaten jarraitzen dute. Hala ere, Lanbideren zerrendak utzi dituztenen erdia baino gehiago multzo honetakoak ziren; 57, hain zuzen ere. Hori horrela, guztira, adin tarte honetako 5.851 langabe daude. Jarraian, 45 urtetik gorakoak daude. Hauek, 4.496 dira. Azkenik, multzo txikienean, 25 urtetik beherako 721 lagunak daude.
Sektoreka, gorazko joerari eutsi dion bakarra eraikuntza izan da. Alor honetan, langabe kopurua 22 lagunetan hazi da joan den hilabetean. Gainontzekoek, apal bada ere gutxitu egin dira. Aldaketa handiena, aipatu bezala, hirugarren sektorean izan da; 100 lagun hasi baitira zerbitzuetan lanean. Azken zenbaketan oinarrituta, horrela banatzen dira hiriko langabeak lan motaren arabera: Zerbitzuetan, 7.956; industrian, 1.069; eraikuntzan, 949; aktibitaterik gabeko sektorean, 791; eta nekazaritza nahiz abeltzaintza batzen dituen lehen sektorean, 103.
Auzoen bilakaera aztertuz gero, Altza da, beste behin, langabe gehien biltzen duen hiriko gunea. Orotara, 1.713 dira zerrendetan izena emana duten altzatarrak. Hala ere, azken asteetan murriztu egin da hauen kopurua. Izan ere, Antigua-Añorga-Ibaeta-Igara eta Gros auzoekin batera, bertan gutxitu baita gehien langabe kopurua. Gainontzeko guneetan, oro har, langabe kopuruak, behera egin badu ere, kontrako joera ere izan da. Parte Zaharrean, Erdialdea-Amara Zaharrean eta Aiete-Miramonen hazi egin da langabe kopurua, 41, 11 eta 8 lagunetan.
AUZOZ AUZO
  • Altza. 1.713 (1.743 apirilaren 30ean)
  • Amara Berri. 1.287(1.291)
  • Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.162 (1.217)
  • Intxaurrondo. 1.142 (1.145)
  • Egia. 937 (944)
  • Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 826 (844)
  • Miramon-Aiete. 800 (792)
  • Gros. 777 (804)
  • Erdialdea-Amara Zaharra.733 (722)
  • Bidebieta. 528 (532)
  • Ategorrieta-Ulia. 527 (536)
  • Parte Zaharra. 359 (318)
http://irutxulo.hitza.info/2012/05/16/%EF%BB%BFlangabe-kopuruak-behera-egin-du-aste-santua-dela-medio/ 

No hay comentarios:

Publicar un comentario