UDA DENBORALDIKO LANPOSTUEK HIRIKO LANGABE KOPURUA MURRIZTU DUTE
Ekainean 355 donostiarrek aurkitu dute lana; ondorioz, langabe kopurua 10.625 lagunekoa da.
Lehen sektorean gora egin du langabe kopuruak
Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak aste honetan ezagutzera eman duenez, 10.625 donostiarrek izena emana dute Lanbideren zerrendetan. Hau da, lan aukera baten zain zeuden 355 lagunek ekainean aurkitu zuten. Udako lan kontratazioei lotutako jaitsiera da; baina ohi baino beranduago heldu da. Normalean, beheranzko joera Aste Santuarekin batera hasi, eta uda amaitu arte mantendu ohi da. Apirilak bete zuen espero zena; baina maiatzeko datua, ordea, txarra izan zen.
Aurtengo bigarren beherakada da ekainekoa. Honek, gainera, urteko datu onena utzi du, orain arte langabe kopuru baxuena zen urtarrilekoa hiru lagunetan hobetu duelako. Nahiz eta datu baikorra izan, egoera ekonomikoa txarra dela ere erakusten du. Izan ere, iaz hilabete berean egin zen zenbaketarekin alderatuta, okerrera egin baitu nabarmen. Duela hamabi hilabete baino 740 langabe gehiago daude; hau da, %7,49 hazi da langabezia. Halaber, iaz baino jaitsiera txikiagoa izan da aurtengoa. 2011ko ekainean 417 lagunek aurkitu baitzuten lana.
Hiriko ekonomiaren oinarria zerbitzuak dira. Lan bila dabiltzanen gehienak, hirutik batek, bertan jardun nahi du. Horregatik, gorabeherek sektore honi eragin ohi diote gehien. Ekaineko beherakada ez da salbuespena. Lana aurkitu dutenen ia herenak, 222 lagun, bertan ariko da. Gainontzeko alorretan ere emaitza baikorrak dira nagusi. Maila apalagoan bada ere, aktibitaterik gabeko alorrak– prestakuntzarik gabeko lan generikoak–, industriak eta eraikuntzak behera egin dute 89, 26 eta 23 lagunetan, hurrenez hurren. Gora egin du, ordea, lehen sektorean lan egin nahi dutenen kopuruak, bost lagunetan. Beraz, sektoreei dagokienez, langabeen banaketa honakoa da: Zerbitzuetan, 7.865 langabe; industrian, 1.064; eraikuntzan, 905; aktibitaterik gabeko sektorean , 690; eta lehen sektorean, 101.
Emakumezkoak, kaltetuenak
Berriro errepikatzen den beste joera bat, kaltetuenak emakumezkoak dira; eta lana aurkitu dutenak, nagusiki, gizonezkoak. 198, hain zuzen ere. Emakumezkoen artean ere beherakada izan da; baina, oro har, gehiago izaten jarraitzen dute emakumezko langabeek. Guztira, 5.701 emakumezkok eta 4.924 gizonezkok lana bilatzen dute Donostian. Adinari dagokionez, lana aurkitu dutenen erdia baino gehiago, 25 eta 45 urte arteko lagunak izan dira. Multzo honetako 196 donostiarrek utzi dute langabezia azken asteetan; eta ondorioz, 5.521 dira tarte honetako langabeak. Biztanle kopuru gutxien biltzen duen tartea, 25 urte artekoena da. Bertan, 607 dira lana bilatzen duten donostiarrak, ekainean 91 lagunek topatu baitute. Jaitsiera txikiena 45 urtetik gorakoen artean izan da, 68 langabek utzi baitute zerrenda. Guztira, 4.497 dira.
Auzo guztietan murriztu da langabe kopurua, zenbatekoetan alde esanguratsuak badira ere. Amara Berrin, Grosen eta Egian nabaritu da gehien beherakada. Gutxien, aldiz, Aiete-Miramonen, Altzan eta Bidebietan. Kopuru osoetan, berriz, Altza, Amara Berri eta Antigua-Ibaeta-Añorga-Igara dira beste behin zerrenda beltzaren buruan dauden auzoak. Beste muturrean, aldiz, Parte Zaharrak, Ulia-Ategorrietak eta Bidebietak jarraitzen dute.
AUZOZ AUZO
- Altza. 1.729 (1.732 maiatzaren 31n)
- Amara Berri. 1.208 (1.278)
- Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.184 (1.206)
- Intxaurrondo. 1.110 (1.147)
- Egia. 912 (951)
- Miramon-Aiete. 820 (827)
- Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 806 (820)
- Gros. 768 (811)
- Erdialdea-Amara Zaharra. 683(700)
- Bidebieta. 534 (536)
- Ategorrieta-Ulia. 494 (527)
- Parte Zaharra. 300 (312)
http://www.irutxulokohitza.info/
No hay comentarios:
Publicar un comentario