Xabier Zabala, ‘Bixkar’; Donostiarrako arraunlaria
KAE-1 Ligaren azken bi estropadetan Donostiarrak oso maila polita erakutsi du, baina bosgarren postuan bukatu du azkenean.
Norbaitek ez du asmatu aurtengoan ere, Jose Ramon Mendizabal
entrenatzaileak, arraunlariek beraiek… arrazoia ez dakite, baina iaz
baino postu bat beherako bukatu berri du Liga Torrekua
traineruak. Bigarren denboraldia bete du hiriko traineruaren tostetan
Xabier Zabalak (Loiola, 1974), eta bere irakurketaren berri eman dio
IRUTXULOKO HITZAri.
Ligan egin duzuenaren zein irakurketa egiten duzu?
Egia esan, oso irregularrak izan gara eta hori emaitzetan nabaritzen da.
Zortzigarren postuan geratu gara bi aldiz, tartekoak ere izan ditugu,
eta azkeneko estropadetan hirugarren eta bigarren postuetan geratu gara.
Esan daiteke nahiko ongi bukatu dugula, eta horrekin geratu beharko
gara. Hori bai, orokorrean espero baino okerrago ibili gara.
Barrutik nola bizi izan dituzue emaitzetan izandako gora-behera horiek?
Batzuetan pixka bat galduak ibili gara, erregularitate bat aurkitu
ezinik. Entrenatzaileak berak ere, espero baino aldaketa eta proba
gehiago egin behar izan ditu traineruaren oreka aurkitu ahal izateko.
Momentu onak eta txarragoak bizi dituzue azkenean, baina Liga bukaera ona izateak lagunduko dizue aurrera begira, ezta?
Zerbait positiboa bilatzekotan hori izan beharko da, azkeneko bi
estropadetan ongi ibiltzea lortu dugula, emaitza onekin. Villa de
Bilbaon hirugarrenak izan ginen, eta Santoñan bigarrenak. Behintzat hasi
ginena baino hobeto bukatu dugu. Taldeak badu sentsazioa Liga hasiera
hobea egin ezkero bukaera bestelakoa izango zela.
Edonola, Orio izan da Ligako jaun eta jabe.
Arrauna jarraitzen dugunok bagenekien oso talde ona
zuela, fitxaketak egin zituela eta diru mugimendua egon zela. Itxuraz
TKEra berriro itzultzeko taldea zen. Hala ere, bandera guztiak irabazi
dituen arren, ez da halako alde handiarekin aritu. Meritua du lortu
dutenak, ez baita batere erraza, baina aldea ez da sekulakoa izan.
Orioz gain, Santurtzi, Lekittarra eta Busturialdea ibili diren lehen postuetan.
Hasieran, Orio alde batera utzita, Ohorezko Txandan ibili diren beste
hiru taldeak guretzako eskuragarriak zirela uste genuen. Ikusi den
bezala, irabazteko gaitasuna izango genuke. Kontua da, azkeneko bi
estropadak sei traineruko bi txandakoak izan direla, hau da, lehenengo
lau taldeen txanda berean lehiatu gara, eta emaitza onenak orduan lortu
ditugu. Beraz, beraien txandan ibili izan bagina gauzak hobeto egiteko
moduan ibiliko ginela pentsatzeko arrazoiak ditugu.
Denboraldi hasieran igoera lortzeko ‘play off’ean sartzea zen Donostiarraren helburua. Zerk huts egin dizue?
Talde barruan kontu asko aipatzen dira beroan, eta entrenatzaileak ere
buelta asko ematen dizkio. Taldea helburu handiekin osatu zen eta
emaitzak lortu ez direla ikusita, behin denboraldia bukatuta hausnarketa
bat egin beharko da hotzean. Hor ikusi beharko da zer hobetu daitekeen
eta zer egin dugun gaizki; aurrera begira, ahal dela gauzak hobeto
egiteko. Alderdi askok eragiten dute hobeto edo okerrago ibiltzeko.
Ustez talde hobea duzula pentsatu eta gero, trainerua mantsoago ibiltzea
ere gertatzen da. Askotan ez dira arrazoiak jakiten.
Zein sentipenekin geratu zara?
Pixka bat etsituta nago. Iaz laugarren postuan geratu ostean, talde
hobea osatu genuen, eta pixka bat hobetu ezkero gora egin genezakeen.
Azkenean, aurrera egin beharrean, pixka bat atzera egin dugu. Ez dakit
gure onena eman dugun Liga guztian zehar.
Liga bukatu duzuen arren, Kontxako Bandera geratzen zaizue. Aurpegi hobearekin aurre egiteko moduan zaudete?
Azken bi asteetako emaitzek poztasuna ekarri digute. Hala ere, badakigu
zein den gure postua. Gure borroka, urtean guztian bezalaxe, gure
buruaren aurka izango dugu. Hortxe jardun beharko dugu. Denboraldi
bukaera ona izan nahi dugu.
Zeintzuk izango dira zure ustez Kontxako Banderako gainontzeko zazpi ontziak?
Itsasoaren egoerak baldintzatuko du zein sartu eta zein kanpoan geratu.
TKE Ligako lehenengo sei sailkatuak seguru xamar daudela uste dut, eta
postu bat zalantzan dagoela. Ez dakit, itsaso zabalean, ziaboga
bakarrarekin eta aurtengo traineru berrien kontuarekin ezustekoren bat
edo beste egongo dela uste dut. Agian, bere burua barruan ikusten duen
talde horietakoren batek atsekabetuta bukatuko du.
Irutxuloko Hitza, Estitxu Zabala, 2012-08-28
http://irutxulo.hitza.info/2012/08/28/xabier-zabala-ez-dakit-gure-onena-eman-dugun-liga-guztian-zehar/
Blog dedicado al barrio de Loiola, de Donostia, donde los vecinos del barrio pueden expresarse, publicar sus sugerencias, quejas y todo lo relacionado con nuestro barrio. Email para publicación de información: loioladonostia@gmail.com Loiola auzoari buruzko bloga, non bertako auzotarrek beraien berriak, kexak, aholkuak edo auzoarekin loturik dagoen beste edozer argitaratu dezakete. Blog honetan argitaratua izatea nahi duzuen informazioa loioladonostia@gmail.com helbidera bidali dezakezue.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario