viernes, 15 de noviembre de 2013

UHOLDEEN AURREAN, ELKARLANA

UHOLDEEN AURREAN, ELKARLANA
Irutxuloko Hitza, Aritz Sorzabal 2013-11-15
Bi urte igaro dira Martutenen eta Txominen izandako azken uholdeetatik. Udal gobernuko ordezkaritza zabal bat bizilagunekin elkartu da, eta proposamen zehatz bat atera du bileretatik: Iberdrola ere krisi mahaian egotea.

Martutenen eta Txomin Enean izandako azken uholde handietatik bi urte igaro dira, eta udal gobernua ezbeharra pairatu zuten herritarrekin bildu da aste honetan, Urumean aurreikusitako lanen berri emateaz gain, orain arte egindakoaren errepasoa egiteko.
Hitzorduaren garrantzia udal ordezkari kopuruan islatuta geratu da. Izan ere, hamabi bat udal ordezkari hurbildu dira bi auzoetara uholdeak saihesteko neurrien nondik norakoak azaltzeko; Juan Karlos Izagirre alkatea, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran, Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaran, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsoro, Mugikortasun arloko zinegotzi Jon Albisu eta Informazio eta Partaidetza zinegotzi Axier Jaka, besteren artean. Hauekin batera, suhiltzaileen burua eta zenbait teknikari izan dira Martutenen eta Txomin Enean egindako bileretan; astelehenean eta asteartean, hurrenez hurren.
Bileretatik proposamen zehatz batekin irten da udal gobernua, auzotarren kezkak bultzatuta: Iberdrola uholdeen krisi mahaian egoteko proposatuko du.
Konponbidea, «denon artean»
Bi bileretan, alkateak hartu zuen hitza lehenik, eta azken bi urteetan auzotarrekin egindako elkarlana nabarmendu zuen, betiere uholdeak saihesteko edo hauen kalteak txikitzeko bidean. Duela bi urte Larrialdi Plan berri bat zegoela ekarri zuen gogora, baina onartu zuen honek huts egin zuela. Hori dela-eta, orduz geroztik plana fintzen ibili direla jakinarazi zuen, eta auzotarren ekarpenekin osatu dutela aitortu.
Era berean, erakundeen arteko batzordean auzotarrek ere hitza izatea lortu dutela azpimarratu zuen, Juan Karlos Izagirreren arabera, batzordea osatu zutenean ezaugarri hori jarri zutelako baldintza gisa. «Konponbidea denon artean lortzea da gure konpromisoa. Uholdeen eragina arintzeko Urumean egin beharreko plana auzotarren ekarpenekin osatzen jarraituko dugu», berretsi zuen alkateak. Hori esanda, udal ordezkariek orain arte hartutako neurriak esplikatu zituzten banan-banan; azkena, azken udalbatzarrean adostutako erabakia. Hain justu, udal talde guztiek bat egin zuten Urumean egin beharreko lanei atea irekiko dien dokumentuari argi berdea emateko orduan. Elkarlanaren adibide, dokumentu hori osatzeko auzo elkarteek egindako ekarpenak kontutan hartu dituztela azpimarratu zuten.
Zentzu honetan, lanak oraindik ikusgarriak ez direla aitortu zuten, izapideak izan direlako nagusi orain arte, baina poliki-poliki egitasmoak aurrera egingo duela ziurtatu zuten.
Martutenen, zubia hizpide
Egoera nola dagoen jakinarazteko ez ezik, astelehen eta astearteko bilerak ere iritzia emateko     espazio bilakatu ziren auzotarrentzat. Udal ordezkariek, bitartean, zintzo zintzo jaso zituzten zalantzak, ekarpen gisa erabiltzeko ez bada ere, epe laburrean bizilagunei erantzunen bat emateko asmoz.
Martutenen, kezken artean ea Urumea gaineko zubiak metro bat gutxiago izan dezakeen galdetu zuten; zazpi metro beharrean sei metro izatea, alegia. «Metro batek asko eragingo dio auzoari; errepidea eta kaleak metro bat gorago egongo liratekeelako, horrek suposatzen duenarekin», esan zuen Jesus Seco auzotarrak. Zubia Ura agentziaren eskumena dela erantzun zuten udal ordezkariek, baina batzordearen hurrengo bileran galdera hori mahaigainean jarriko dutela agindu zuten.
Era berean, lanen epeei buruz galdetu zuten Martuteneko bizilagunek, baita Iberdrolaren sorgailuei buruz ere, ibaiak gainezka egiten duen bakoitzean bizilagun batzuk argindarrik gabe geratzen direlako. «Kanpoaldeko sorgailurik ez dago hirian, lur azpian egotea baita udalaren irizpidea. Dena dela, lurperatuta joango ez diren sorgailuen proposamena egiteko eskatu genion Iberdrolari. Proposamena heldu zitzaigun, baina landuago egiteko eskatu genion. Bigarren diseinuaren zain gaude», azaldu zuten teknikariek.
Arantzazuko Ama ikastolako aurrealdeko bidea oinezkoentzat eginez gero, Tranbia kaleak pairatuko lukeen errepide-zirkulazioaz ere kezkatuta azaldu ziren auzotarrak. Eta epeei buruzko galderara bueltatuz, udalak berretsi zuen 2014ko apirilerako Ura agentziak lur guztien jabetza izango duela, dagozkion lanak egiteko. Hori bai, esan zuen apiriletik abendua bitartean lanak esleitzeko epea izango duela. Horrenbestez, lanak noiz hasiko diren ezin dutela esan onartu zuten udal ordezkariek.
Bestalde, auzotarrekin biltzea aberasgarria dela erakusten duen beste adibide bat eman zen Martutenen; kasu honetan, udalak «akats» baten berri izan zuen. Hain zuzen ere, Okendotegi kaleko bizilagun Txaro Urrestarazuk aipatu zuen joan den urriaren 4an errekak gainezka egin zuela, eta garajeak urez bete zirela. Udaltzaingoa iritsi zenerako, bidean pilatutako zuhaitzak eta lokatza kenduta zituzten, baina beranduegi. «Ez da erantzun zuzena eman. Begiratuko dugu zergatik gertatu den horrelakorik. Beste gauza bat da arazoari konponbidea ematea, errekatik datorren arazo bat dirudielako, ez Urumeatik», adierazi zuen alkateak berak.
Txomin Eneako bizilagunak, bere aldetik, Martutenekoak baino kritikoagoak izan ziren, betiere jarrera eraikitzailearekin. Hain zuzen ere, bileran bertan azaldutako kezka baten ondorioz udal gobernuak proposatu zuen Iberdrola krisi mahaian egotea.
Txomineko bizilagunek duela bi urteko uholdeetan argindarrik gabe geratu zirela ekarri zuten gogora. «Uholdeak pairatzea latza da, baina are eta latzagoa da kaltetuak argirik gabe geratzen badira», adierazi zuen Moises Alvarok, eta zenbait bizilagun argirik gabe 45 orduz egon zirela azaldu zuen.
Txomin Enean Martutenen dagoen arazo bera gertatzen dela azpimarratu eta gero –lurperatuta daude sorgailuak–, udal ordezkariek sarea aldatzeak denbora asko beharko lukeela adierazi zuten, bai izapide aldetik, eta baita lanak egitekotan ere. Izapideei dagokienez, lehen aipatu bezala, udal irizpidea da sorgailu guztiak lurperatuta egotea; horrenbestez, araudia aldatu beharko lukete sorgailuak kanpoaldean egokitu ahal izateko, betiere uholdeak pairatu ditzazketen eremuetan soilik. Aldaketa horiek denbora beharko luketenez, bitartean, Nekane Burutaranek beste zer edo zer egin daitekeela proposatu zuen: Iberdrola ere krisi mahaian egotea, Urumeak gainezka egiten duenean.
Alkateak babestu zuen ideia, auzotarren kezkak eraginda asmatutakoa. «Suhiltzaileak, Udaltzaingoa edo gizarte zerbitzuko ordezkariak dauden bezala, ideia ona da Iberdrola ere krisi mahaian egotea. Ikusi beharko litzateke argia berehala berreskuratzea posible izango ote litzatekeen, baina behintzat mahaian egongo lirateke, aterabideren bat bilatzeko», azaldu zuen.
Txominen, eraiste lan gehiago
Auzotarren ekarpenak eta galderak alde batera utzita, orain arte egindako lanen berri emateko orduan, Ricardo Burutaranek eraiste lan gehiago iragarri zituen datozen egunetarako: «Aste bat edo bi aste barru, Aintzieta pasealekuko 29. zenbakian, Rosario Enean, ziurrenik, eraiste lanak egingo ditugu. Epe laburrean aurreikusita ditugun eraiste lanen artean Aintzieta pasealekuko 10. zenbakia eta Kristobaldegi ere daude, azken honetan ibaitik gertuen dagoen komentuaren aldea botatzeko helburuarekin».
Larrialde Planean aldaketak
Larrialdi Planak huts egin zuen duela bi urte, Urumeak gainezka egin zuenean. Akatsak berriro errepika ez daitezen, hobekuntzak egin dizkiote planari. Horretan egon dira lanean azken hilabeteetan. Hain zuzen ere, aldaketa horien nondik norakoen berri eman zuten Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranek eta Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsorok, Martutene eta Txomin Enean egindako bileretan.
Hemendik lasterrera, krisi egoeran Añarbeko urtegiaren uhateak inongo bitartekaririk gabe kudeatuko dituztela esan zuen Galparsorok. Era berean, ur maila zaintzeko kamerak jarri dituztela adierazi zuen, eta Mankomunitatearen bulegoan kontrol zentro bat ahalbidetu dutela azaldu.
Burutaranek, bere aldetik, salbamendurako bi ontzi arin erosi dituztela jakinarazi zuen. Suhiltzaileen esku daude. Era berean, Añarberekin harreman zuzena dutela berretsi zuen Babes Zibileko zinegotziak, eta zirkulazio plan bat diseinatu dutela esan zuen, krisi egoerak gertatzen direnerako, butxadurak saihesteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario