UHOLDEGARRITASUN 100 PUNTU IDENTIFIKATU DITU URA AGENTZIAK, URUMEAKO HAINBAT GUNE TARTEAN
Txomin Enea, Loiola, Martutene, Ergobia, Karabel… URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Iñigo Ansolak jakitera eman duenez, Urumea ibaiko hainbat gune daude osatu berri duten uholdegarritasun handiko eremuen mapan. Hain zuzen ere, Ansolak azaldu du URA agentziak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ibaietan dauden 100 puntu gatazkatsuenak identifikatu dituela, eta lan hori egiteko Urumea bere osotasunean hartu dutela, ibaiak azken urteetan sortutako gorabehera handiak kontutan hartuta. Behin mapa eginda, kudeaketa plan bat egingo dutela aurreratu du, 2015. urteko abendutik aurrera garatzeko, beti ere uholde arriskua gutxitzeko helburuarekin. Izan ere, ibaiak gainezka egin dezakeen guneetan eraikitzea saihestea eta eraikita dagoena defendatzea baitira Ur Politikaz arduratzen den erakunde publikoaren erronka. “Hernani, Astigarraga eta Donostiako hainbat gune daude identifikatutako 100 puntuen artean”, berretsi du.
Adierazpen hauek San Telmo Museoan egin ditu Ansolak, Urumea ibaiaren kudeaketa uholde arriskuaren aurrean izeneko hitzaldia dela eta, Haritzaldek antolatuta. URA agentziako zuzendari nagusiaz gain, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, Añarbeko Urak-eko komunikazio arduradun Iban Zubeldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen ordezkari Andoni da Silvak, Martuteneko auzo elkarteko kide Fernando Garciak eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteko Xabier Rubiok hartu dute parte. Eztabaidaren gidaria Elhuyar eta EITBko Norteko Ferrokarrila irratsaioko aurkezle Gillermo Roa izan da.
Juan Karlos Izagirrek nabarmendu du Urumeak lehentasuna duela udal gobernuarentzat, auzotarren artean “ikara” handia dagoela ikusi zutenetik. 2011. urteko azaroan gertatutako uholdeen aurretik, ibaiaren inguruan bizi diren herritarrak dagoeneko “izututa” ikusi zituztela aitortu du. “Honela ezin zela bizi argi genuen. Irtenbide bat eman behar zitzaion arazoari”, gogora ekarri du. 2011ko uholde bortitz horiek Urumeako planaren gauzatzea arintzeko balio izan zutela onartu du. Erakundeen arteko elkarlana lortu duten emaitzetako bat dela esan du, “ezinbestekoa” arazoari konpnbidea emateko. Urumea oinarri duen planak helburu nagusi bat duela zehaztu du: “auzotarrak lasai bizitzea”. Hori hala izan dadin, azken legegintzaldietan egindako akatsetatik ikasi egin dutela onartu du. “Urumeak potentzial handia du Donostiarentzat. Horri etekina atera ez izana akatsa izan bada, konpondu beharra dago”, adierazi du, eta ibaiari ezin zaiola bizkarra eman nabarmendu du.
Aritz Sorzabal - Irutxuloko Hitza 2014-05-14
No hay comentarios:
Publicar un comentario