miércoles, 19 de diciembre de 2012

IBAN VIAGA LOIOLATARRA "EL CONQUISTADOR DEL ACONCAGUA" SAIOAN


Iban Viaga: “Pentsatzen nuena esan dut beti, eta ez naiz faltsukeriatan ibili”


Iban Viaga; ‘El conquistador del Aconcagua’ saioko partaidea
Telebistaren mundua, kirola eta lehia maite ditu; beraz, ETB-2ko ‘El conquistador del Aconcagua’ saiorako ezin aproposagoa.


Telebistaren mundua, kirola eta lehia maite ditu; beraz, ETB-2ko ‘El conquistador del Aconcagua’ saiorako ezin aproposagoa.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Laster argituko da misterioa, nor izango da Aconcaguako espedizioko irabazlea? Aurreko igandean bukatzekoa zen reallity showa, baina azkenean datorren igandeko telebista saioan jakinaraziko dute, hiruetako zein izango den txapelduna, Kote, Laiseka edo Iñaki. Lehia horretan ez dago Iban Viaga (Loiola, 1978), azken unean gailurrera igotzeko aukera galdu baitzuen. Hala ere, oso pozik dago izandako esperientziarekin, eta hainbat konturen berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Nolatan erabaki zenuen halako telebista saio bateko castingean parte hartzea?
El Conquistador del fin del mundo eta El conquistador del Aconcagua saioetako casting guztietara aurkeztu naiz betidanik, hasi zirenetik. Sekula ez dut sartzea lortu, eta azkeneko honetan zortea izan nuen. Gainera, Aconcaguatik itzuli, eta hurrengo castinga irailean izan zen, eta berdin-berdin aurkeztu egin nintzen; ea kapitain bezala hartzen ninduten! baina banekien ez nuela aukerarik izango.
Zergatik erakartzen zaituzte halako reallityek?
Hasi zirenetik beti jarraitu izan ditut, eta formatua gogoko dut. Reallity alderdi horri baino lehentasun gehiago ematen diote lehiari, eta indentifikatua sentiarazi nauten pertsonak ikusi izan ditut.
Behin abenturan barneratuta, nola oroitzen dituzu lehen sentimendu haiek?
Mendira iritsi ginenean, ez ziguten ezer esan. Aconcaguan zazpi lehiakide ezezagun ginen, eta oinez ibiltzen hasi ginen. Lehiatzen hasteko gogoa genuen, eta egia esan, bagenekien ospetsuek ere parte hartuko zutela, zerbait entzun baikenuen. Niri, Loiolan, esaterako, Gurutzeta joango zela esan zidaten, eta beste batzuek ziur zekiten Andoni Agirregomezkorta eta Serafin Zubiri joango zirela. Beraz, zazpion artean lehiaketa nolakoa izan zitekeen pentsatzen hasi ginen. Kasualitatez, pentsatu ez genuen gauza bakarra gertatutakoa izan zen, bikoteka jarriko gintuztela ospetsuekin.
Zuk Andoni Agirregomezkorta izan zenuen bikote. Zer moduz moldatu zineten?
Oso ondo. Hasieran, batez ere, kanping dendan ginela, alde batera begiratu eta bera ikusten nuenean… ohituta nengoen bera telebistan ikustera, eta gero hor ginen gure gauzetaz hitz egiten. Gainera, Andoni izakeraz oso irekia da eta oso eramangarria egin zitzaidan abentura berari esker.
Argi utzi zenuen oso lehiakorra zinela. Zein helbururekin joan zinen?
Noski, nik irabazi egin nahi nuen, baina mendira joaten nintzen lehen aldia zen, eta banekien oso zaila izango zela. Nire burua lehiakortzat dut eta proba guztietan dena eman nuen. Egia esan, banituen irabazteko aukerak, nik hala uste dut, eta erakutsi nuen. Hala ere, lehia bat da eta beti ez du aukera gehien dituenak irabazten. Erabaki asko daude tartean zuk ezin dituzunak kontrolatu.
Mendian lehen aldia zenuen, baina kirolaria zara betidanik, ezta?
Txikia nintzela arraunean hasi nintzen Ur-Kirolak arraun elkartean, eta horri heldu diot nire bizi guztian. Beti aritu naiz arraunean, bai Urkin, Trintxerpen, Hernanin, Donostiarran, eta azken urteetan Ondarroan, Bergaran bizi bainaiz. Aurten ere entrenatzen hasi naiz, baina ez dakit denboraldian nola moldatuko naizen, laster aita izango bainaiz. Nire asmoa nire azken denboraldia egitea da, gero larri ibiliko naiz, eta neska lagunak ere merezi du denbora pixka bat, gainera umearekin…
Fisikoki ongi ikusi duzu zure burua mendian?
Bai, oso ondo. Azkenean beldur gehiena altuerari nion, jende askok zorabioak izaten baititu. Goruntz gindoazen heinean edozer gauza egitean nekea bikoitza zen, baina zorabiorik ez nuen izan.
Egunak joan ahala, aurrera jarraitzen zenuela ikustea pozgarria izango zen, ezta?
Horren beldur nintzen. Behin lagun eta senitarteko guztiei Aconcaguara joango nintzela esan ostean, lau egunetara etxera joan banintz, entzun beharko nituenak! Alde horretatik, bukaerara arte egon nintzen, eta oso oso pozik.
Zure haserrea ikusi zen telebistan, baina benetan kolpe handia izan zen gailurrera iristeko aukera galtzea?
Bai, bai. Gainera Julian Iantzik Juani –Juanito Oiartzabal– aipatu zion, ‘Ibanek zein ondo hartu duen kanpoan geratu izana’. Agian, izango zen nire burua prestatu egin nuela, banekielako Juanek ez duela askotan esaten duena egiten. Azken egunetan, psikologikoki mugan nengoen, eta berdin zitzaidan igotzea, bertan geratzea, jaistea… azkenean, tokatzen zaizun egoerara moldatzen zara, eta kirolari moduan hartu nuen erabakia. Juani Andoni interesatzen zitzaion, eta horregatik aukeratu zuen Koro probarako. Horren kaltetua ni izan nintzen.
Gustura egindakoarekin?
Bai, nik nire burua naizen bezalakoa ikusi dut. Proba guztiak irabazten saiatu naiz, eta min gehiena eman didana kanpoan apetazko erabaki batengatik geratu izana da.
Zure burua telebistan ikustearena zer moduz daramazu?
Oso ondo! Azkenean jendeak ezagutu egiten zaitu eta Interneten kritika asko irakurri ditut. Nire hitz egiteko eragatik, protesta egiteagatik eta hitz itsusiak erabiltzeagatik asko kritikatu naute. Nik beti erantzun bera eman dut; esaten nuenarekin geratzeko, eta ez esateko moduarekin. Pentsatzen nuena esan dut beti, eta ez naiz faltsukeriatan ibili.
Nola definituko zenuke zure saioko ibilbidea hitz bakar batean?
Buf… naturala. Naizen bezalakoa agertu naiz.
Zerbaitetaz damutu zara?
Askotan Laura izendatzean, saioan soberan zegoela esan izanaz.
Kaletik galdera asko egin dizkizute?
Bai! Bukaeran, gainera, gehiago, eta erantzun ezin dituzun galderak dira; ‘Zein igoko da?’, ‘Zeinek irabaziko du?’… gainera, inork ez dit kritika txarrik egin, denek ulertu dute nire izateko era, eta pertsona garbi bat ikusi dutela esan didate.
Lagunen bat egin duzu?
Bai, Iñaki, eta lagun bezala atera garen bakarrak izan garela uste dut. Askotan geratzen gara eta oso harreman ona dugu. Koterekin ere ongi moldatzen naiz.
Errepikatzeko moduan?
Bai, beste saio batean parte hartu nahiko nuke.

Estitxu Zabala, Irutxuloko Hitza, 2012-12-13

No hay comentarios:

Publicar un comentario