sábado, 17 de noviembre de 2012

XABIER ZABALAREKIN ELKARHIZKETA


Xabier Zabala: “Egindako lanaren arabera jarri behar dira helburuak”



Xabier Zabala ‘Bixkar’: Donostiarrako entrenatzailea
Jose Ramon Mendizabalek utzitako lekua bete du Xabier Zabalak, hiriko traineru bateratua zuzenduz; entrenamenduak ongi antolatu eta ekainera indartsu iritsi nahi du.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiarra arraun elkartearen proiektua ongi ezagutzen du; azken bi denboraldietan Torrekua traineruko arraunlaria izan baita Xabier Zabala Bixkar(Loiola, 1974). Urteetako esperientzia du arraunlari eta entrenatzaile gisa; orain, ordea, arrauna askatu eta entrenatzaile izateari bakarrik ekin dio Donostiarran. Ardura sentipena du, baina lanari gogoz heldu dio; kirol emaitzak hobetzeko asmoz.
Aurretik baduzu entrenatzaile postuan esperientzia, Urkin eta Hernanin. Oraingoa, ordea, jauzia eman duzu. Zein sentipen duzu?
Ardura sentipena dut. Azkenean, hiriburuko trainerua da, eta begi asko izango ditugu gainean. Bazkide asko, ilusio handia… ardura handia izango dut.
Pauso bat aurrera egin duzu arraun munduan. Pozik?
Bai! gustura. Lanik handiena uretan lehiakorrak izaten izango dugu. Klubaren eraketa geroz eta hobea da, eta pausoak ematen ari gara. Kirol mailan jauzi bat ematea falta zaigu, jendearen ilusioa pizteko, eta poliki-poliki aurpegi hobea erakusteko.
Mendi ezaguna da jada Donostiako arraunzaleen artean. Zein da Xabier Zabala?
Ni Urkiko arraunlaria izan naiz urte askoan, eta momentu bateko egoera zela eta, atera egin behar izan nuen. Batetik eta bestera urte batzuk egin ditut, Zumaian, Trintxerpen, San Juanen… bere garaian Hernaniko trainerua entrenatzeko aukera izan nuen, eta beheko mailetan esku bat botatzen jarraitzen dut. Orain, erronka berriari begira, itxaropentsu nago.
Dagoeneko izan duzu arraunlariekin egoteko aukera. Zer moduz hartu dute albistea?
Aldaketak daudenean beti gertatzen dena. Orain arte postua lortzea zailagoa izan duten arraunlariak gogoz daude; beteranoenak jarraitu edo ez jarraitu duda-mudatan dabiltza… Nik uste dut, orokorrean, denboraldia hasteko eta gauzak ongi egiteko gogoz daudela.
Mendik duela gutxi IRUTXULOKO HITZAri emandako elkarrizketan esan zuen bera ordezkatuko zuenari laguntzeko prest zegoela.
Bai, Mendirekin askotan egoten naiz. Hein handi batean, Donostiarraren egitura dagoen moduan egotearen ardura Mendik du. Donostiarraren egituran garrantzitsua izaten jarraituko du Mendik; badakit beti egongo dela laguntzeko prest, eta bere aholkuak onuragarriak izango zaizkidala.
Badakizu dagoeneko zein kuadrillarekin lan egiteko aukera izango duzun?
Gutxi gora-behera sei edo zazpi baja izango ditugula ziur dakit, eta badakit zein arraunlarirekin geratuko naizen. Taldea ahal bezala osatu nahian nabil, bigarren taldeko jendea igo beharko dut eta ea besteren bat etortzen zaigun.
Entrenatzaile postua hartuko duzu, eta arraun egiteari utziko diozu. Nola ikusten duzu zure burua? Faltan botako duzu arraun egitea?
Edozein arraunlarirentzako zaila da arraun egiteari uztea. Nire momentua iritsi dela uste dut. Familia loturak dauzkat, gorputzari nahikoa astindu eman dizkiot, eta badu atseden hartzeko garaia.
Azken bi urteetan Donostiarran bertan aritu zara arraunean. Proiektua barrutik ezagutzeak lagunduko dizu, ezta?
Bai, ez naiz hutsetik hasiko, klubaren egitura ezagutzen baitut, zuzendaritza, arraunlariak… garrantzitsua da naturaltasunez hasteko; lana erraztuko didala uste dut.
Entrenatzaile aldaketa zertan nabarituko da, nabarituko bada?
Azkenean entrenatzaile bakoitzak bere estiloa dauka. Bakoitzak bere izaera dauka, eta egunerokotasunean antzemango da. Arlo teknikoak gogokoagoak ditudan gauzak beste modu batera egingo ditugu, ahalegina egingo dugu entrenamendu hobeak egiteko, azken urteetako zailtasunak alde batera utziz… Denborak esango du gauzak berdin egiten ditugun edo berdin, hobeto edo okerrago.
Momentuz jarri al duzu helbururik?
Lehen helburua denboraldiari hasiera ona ematea da eta lehen hilabetean ondo entrenatzea. Lehen hilabetean ongi entrenatzen badugu, bigarrenaren bila joango gara, eta gero hirugarrena… ekainera ongi entrenatuta eta gauzak behar bezala eginda iristen bagara, udararako beste helburu batzuk jarriko ditugu.
Donostiarraren proiektua agian ez zen modu egokienean hasi, baina denborak egin ahala egonkortasuna lortu du. Bide onetik zoazte?
Baietz uste dut; berezia izaten jarraitzen du. Beste toki batzuetan ez dauden zailtasunak izango ditu, baina hein handi batean zuzendaritzari, Mendiri eta orain arte aritu diren arraunlariei esker gauzak onerako aldatu dira. Orain gatozenek bidea xamurragoa daukagula uste dut.
Azken denboraldiko helburuak ez ziren bete, zer aldatu behar duzue?
Jarri beharko duguna lana da, egunerokotasunean gauzak ahalik eta ondoen egin. Egindako lanaren arabera jarri behar dira helburuak.
Orain arte urrunegiko helburuak jarri dira?
Agian bai. Iaz itxaropen handia zegoen, taldea helburu gorenak jartzeko modukoa baitzen. Denok hartu genuen kolpe handi xamarra, nahi bezain ondo ibili ez ginelako. Aurrekoa ahaztu eta denboraldi berriari gogo gehiagorekin heldu behar zaio; kirola horrelakoa da.
Joan den denboraldian, Kontxako Banderaren bigarren igandean behintzat ikusi zen Donostiarra emaitza onak lortzeko gai dela.
Kontxako bigarren igandekoa ez zen izan denboraldian zehar emandako maila bera. Egia da erakustokia sekulakoa dela eta jendeari iritsi zitzaiola. Talde hark gauzak ongi egiteko gaitasuna bazuela ikusi zen. Hala ere, okerrago edo hobeto, erregulartasuna behar dugu emaitzetan. Daukagun maila hori asteburuz asteburu eman behar dugu.
Zuk zeuk aipatu duzu hiriko trainerua jo puntuan izaten dela maiz. Prest zaude aldeko eta aurkako kritikak jasotzeko?
Bai, bai. Badakit kritika asko jasoko ditudala, baina hori ere ona dela uste dut. Kritikak jasotzen dituzunean, jendea zure lanari begira dagoela esan nahi du eta itxaropena sortu dela. Kritika horiek ere baikortasunez hartu beharko dira.
Aurreko denboraldian Amilibiaren Platanito deituriko traineru horiek azaldu ziren. Halako bat eskuratzeko asmoa duzue?
Nire buruan badago. Orain zuzendaritzaren buruan sartu behar dut, eta traineru berri bat ekarri. Nik uste dut beharra badagoela, eta garrantzitsua da, kirol emaitzetan eragina baitu daukazun material horrek.
Entrenamenduei ekiteko gogoz?
Bai, lanean ari naiz jada; entrenamenduak antolatzen eta jendearekin hizketan. Behar bezala hasteko antolatu dut dena eta jendea lanean jartzeko gogoa dut.

Estitxu Zabala, Irutxuloko Hitza, 2012-11-14

No hay comentarios:

Publicar un comentario