martes, 30 de septiembre de 2014

LOIOLAKO FAMILIA BATEK KUTXABANKEN AURKAKO EPAIKETA IRPH DELA ETA

Gure elkartasuna loiolatar familia honekin.
LOIOLAKO FAMILIA BATEK KUTXABANKEN AURKAKO EPAIKETA IZAN DU GAUR
Estitxu Zabala - irutxuloko Hitza - 2014-09-22
Agerraldi jendetsua egin dute hainbat herritarrek gaur goizean, Egiako epaitegiaren aurrean, Gipuzkoako IRPH Stop Elkarteak deituta. Izan ere, Loiolako familia bat Kutxabanken aurkako epaiketa izatekoa zen, IRPH indizearen harira. Hala, sendiari babesa emanez, IRPH indizea kentzeko eskatu dute elkarteko kideek, baita etxe kaleratzeak geratzeko ere. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop Elkarteak eta Hipotekak Kaltetutako Plataformaren ordezkaritza batek ere bat egin du protestarekin; baita hainbat politikarik ere. Tartean, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentariak, Tania Gonzalez Podemos-eko europarlamentariak eta Paloma Lopez Ezker Anitzako europarlamentariak hitza hartu dute agerraldian, kaltetu guztiekin bat eginez.
Hipoteka ordaindua gera liteke
Jose Ignacio Armendariz epaiketara joan den Loiolako familiako kide bat da, eta goizeko agerraldian egon da. Bere emaztearekin eta bi semeekin bizi da (12 urtekoa bata eta 18 urtekoa bestea) Armendariz, eta IRPH Erakundeak kaltetua dago. Zehazki, 25 urteko hipoteka bat du, eta 15 urte daramatza ordaintzen. “51 urte ditut, beraz, 62 urte izan arte jarraituko beharko nuke bidagabekeria hau ordaintzen. Ea lehenbailehen mozten den”, argitu du Armendarizek. Bere kasuan, epaiketa irabaziko balu, hipoteka bertan behera geratuko litzaiokeela uste du. “Abokatuen kontua da, baina guztia atzera botako balitz, eta Kutxabankek negoziatu nahiko balu, agian hipoteka ordaindua geratuko litzaidake. Orain arte ordaindutako hamabost urteekin, gainontzeko hamar urteak ordainduak geratuko litzaizkidake”, azaldu du Armendarizek.
Kaleratze arriskuan zegoela ikustean, Stop Kaleratzeak elkartera jo zuen Armendarizek laguntza eske, eta bertakoek egokiena zer zen aipatu zioten. “Jende asko dago eurek jakin gabe halako hipotekak ordaintzen ari dena, eta nire bitartez gaia berriro gizarteratu zitekeela ikusi genuen. Jendeak honen berri izan dezala”, aldarrikatu du. Epaiketa gaur goizean izatekoak ziren, eta epaiari begira nahiko baikor agertu da Armendariz. “Hau guztia bukatzea espero dugu, ez baitauka inongo zentzurik. Aurrezki kutxen IRPHa konstituzionalak esan zuen ez zela legezkoa, eta IRPH Erakundeak gauza bera da edo oraindik okerragoa. Aurrezki kutxen eta finantza erakundeen artean sortutako IRPH bat da, eurek asmatutakoa; ez du zentzurik oraindik erabilgarri egoteak”.


No hay comentarios:

Publicar un comentario