LOIOLA BIZIRIK - AURKEZPENA
"Auzoari indar gehiago emateko sortu dugu Loiola Bizirik"
Lehen aldiz bat egin dute Loiolako elkarte eta eragileek, helburu argi batekin, auzoa lotarako leku bat baino gehiago dela erakustea. Loiola Bizirik elkargunea sortu dute honakoen artean: Loiolatarra Kirol Elkartea, Zuhaitz danborrada, La Salle ikastetxea, Hontza kultur elkartea, Urumea ibaia auzo elkartea eta Sustrai aisialdi taldea; gaur arratsaldean egin dute aurkezpen ofiziala, kultur etxean. Ander Edo eta Xabi Heredero arduratu dira bilera gidatzeaz, eta Loiola Bizirikek egingo duen lehen jarduera martxoaren 22ko Udaberri Eguna izango dela argitu dute. “Auzoari indar gehiago emateko sortu dugu Loiola Bizirik. Lotarako auzoa baino gehiago da Loiola, eta lehenagoko giro hura berreskuratu nahi dugu”, aipatu du Herederok. Azken batean, auzoko eragile, elkarte eta norbanakoen arteko komunikazioa hobetu nahi dute, eta guztien artean indar gehiago egin Loiolaren alde. “Inolako ideologia politikorik erabili gabe, Loiolarengatik guztiak batzea da gure nahia”, gehitu du Herederok.
Bileran aipatu dutenez, asko dira urtean zehar auzoko elkarte eta taldeek antolatzen dituzten jarduerak, eta horiek bizitza handia ematen diote auzoari, giro aparta sortuz: Danborradak, jardunaldi mikologikoak, euskal kulturaren inguruan egindako jarduerak, Inauteriak, haurren aisialdia, kaldereroak, jaiak… baina oraingoan, batasunaren aldeko apustua egin dute. “Mezua ahoz aho zabaltzea oso garrantzitsua da, kartelak jarri eta Interneten gure berri ematea ez baita nahikoa” azpimarratu du Herederok.
Esan bezala, Udaberri Eguna izango da Loiola Biziriken antolatutako lehen jarduera. Dagoeneko egitaraua itxia dute, eta Ander Edok guztiaren berri eman du. Sustrai haurren aisialde taldeko begiralea da Edo, eta hain zuzen ere, beraiek emango diote hasiera Udaberri Egunari. “Arratsaldean jolasak egingo ditugu haurrekin, giroa zabaltzeko. Ondoren danborrada aterako da, eta bukaeran pregoia irakurriko dugu”, azaldu du Edok. Danborradan auzotarrek parte hartze nahi dute, eta gastuak ekiditeko, jantzi erraza erabiliko dute: galtza bakeroak, kamiseta zuria eta Loiola Biziriken zapia. Izena ematea Zuhaitz eta Loiolatarra danborraden bidez egin daiteke, La Sallen, kultur etxean eta Hontzan. Entseguak, berriz, martxoaren 18an eta 21ean egingo dituzte, 19:30ean, Latsari plazan.
Udaberri Jaiak baditu aurrekariak, izan ere, 2008an jada antzeko festa bat egin zuten, auzoa hankaz gora izan zuren lan astunak bukatu zirela ospatzeko. Ordukoan, Bizilagunen festa, Loiolan topa izena jarri zioten. Gerora ere beste urteren batean udaberri jaia egin izan dute, batel estropadekin bat eginez esaterako. Orain, Udaberri Egunaz gain, jarduera gehiago egiteko asmoa ere badute Loiola Biziriken bidez, eta pixkanaka ideia gehiago sortuko direla ziur daude.
Edozein zalantza argitzeko eta informazio gehiago lortzeko loiolabizirik@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke edo kultur etxera jo daiteke.
Euskotreneko lanak gogoan
Bestela ezin izan zitekeen moduan, Euskotreneko lanen inguruan ere hitz egin dute gaurkoan. Auzo Elkarteko kideen esanetan, gaur arratsaldean obretako teknikari batzuk auzoan egon dira, eta argazkiak atera dituzte. Dirudienez, momentuko konponketaren bat egin nahi dute, denbora irabazteko. Gainontzean, auzo elkartea bere aldetik mugitzen ari da, eta udaleko alderdi politiko guztiekin hitzorduak lotu ditu. “Alderdi batzuekin aste honetan bertan hitz egingo dugu, beste batzuek lanak ikustera etorri nahi dutela esan digute, eta udalbatzarrean eta eta Eusko Jaurlaritzan irtenbideak eskatuko dituzte”, azaldu dute auzo elkartearen izenean. Edonola, larunbat eguerdian manifestazioa egingo dute loiolatarrek. Loiola existe! Lanak bukatu! lelopean. Kultur etxe aurretik abiatuko da protesta, 13:00etan.
Udaberri Eguna (martxoak 22)
- 16:30. Haurrentzako jolasak, tailerrak, eskulanak eta musika. Sustrai taldearen eskutik.
- 18:00. Auzotarren danborrada Loiolan barrena.
- 20:30. Pregoiaren irakurketa, Eliz kalean.
Estitxu Zabala - Irutxuloko Hitza - 2014-03-04
No hay comentarios:
Publicar un comentario