Altzan eta Antiguan egon eta gero, udal gobernuko kideak Martutenen izan dira 2013ko aurrekontuaren nondik norakoak esplikatzeko. 50 bat pertsona bildu dira Martuteneko gaztelekuan, Juan Karlos Izagirre alkatearen eta Partaidetza zinegotzi Axier Jakaren azalpenak entzuteko. Ogasun ordezkari Jabi Vitoria eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran ere izan dira bileran, eta hauek ere hitza hartu dute.
Galderen txandan, auzotarrek Urumeari buruz galdetu diete udal ordezkariei. Burutaranek Urumea lehentasuna dela berretsi du, eta 2013 eta 2014ko aurrekontuetan 4,5 milioi euro aurreikusi dituztela aurreratu du, lur batzuen jabetza eskuratzeko eta, era horretan, hondeamakinak datorren urtean bertan lanean has daitezen Urumeako ibarrean. Era berean, uholdeak saihesteko lanen harira, “diruz neurtu ez daitezkeen” ekimenen berri eman dute. Esaterako, alkateak jakinarazi du Iñigo Urkullu lehendakariarekin bihar bilduko dela, eta bilera horretan “dirua inbertitu behar dituzten gauzetan inberti dezatela” eskatuko diola; besteak beste, Urumean.
Abiadura Handiko Trenari buruz ere galdetu dute Martuteneko bizilagunek, trena nondik pasako den kezkatuta. Goizean, berriro ere, Madrilera hots egin dutela adierazi du alkateak. “Gobernu hau kezkatuta dago, bizilagunak bezala. Ez dugu erantzun zehatzik jasotzen. Madrilen egon gara behin baino gehiagotan, baina ez dizkigute zehaztasunak ematen. Egitasmoak Urumea, Atotxa eta Tabakalerako lanak baldintza ditzake. Azkeneko albistea trenaren oraingo ibilibidea errespetatuko dutela izan da. Zabalera handiagoa izango luke, Europako arauak betetzeko, baina oraingo ibilibidean oinarrituta”, azaldu du Izagirrek.
Aritz Sorzabal - Irutxuloko Hitza 2013-03-12
No hay comentarios:
Publicar un comentario