miércoles, 10 de octubre de 2012

JOXE AIERBE



Joxe Aierberen hutsunea nabarituko dute Loiolan

Bertso jartzailea eta Arantzazuko Ama ikastolaren bultzatzailea izan da; ostiralean hil zen, 78 urterekin



Joxe Aierberen hutsunea nabarituko dute loiolatarrek, euskal kulturaren bultzatzaile nagusienetakoa izan baita. Ostiralean hil zen, 78 urterekin, osasun arazoen ondorioz. Ubegi baserrian jaioa zen Aierbe, arotza zen lanbidez, elizkoia eta euskaltzalea. Oraindik ere, gogoko zuen baserri lanetan aritzea, Ubegiko baratzean. Maru Diazekin ezkondua zegoen, eta Mirari eta Joxemi seme-alabak izan zituen; baita biloba bat ere, Maddi.
Bere aita Bartolorengandik jasotako bertso zaletasuna odolean zeraman, eta maiz bertso jartzaile lanetan aritu zen. Bere bertso paperekin liburu bat ere argitaratu zuen, Alako batean izenburupean, 1997an. Aurrerago, 2004ean,Agindua zor ere kaleratu zuen; bertan, hainbat urteetan idatzitako bertsoak, ipuinak, kronikak eta iritziak bildu zituen. Bertso Eguneko omenduetako bat izan zen 1994an, beste zazpi bertso jartzailerekin batera.
Auzoko mugimenduarekin lotura estua izan zuen, eta Arantzazuko Ama ikastolaren bultzatzaileetako bat izan zen, Martutene eta Loiola inguruan ikastola baten beharraz jabetuta. Felixi Etxeberria ikastolako irakasleetako bat da, eta gogoan du Aierberan lana; «Loiolako ikastola berak abiatu zuen, eta Joxemi, bere semea, Loiolako lehen ikaslea izan zen».
Hori guztia kontuan izanda, ez da harritzekoa Aierbe Loiolan ezaguna izatea; eta erraza da bere inguruan hitz egin dezaketen edonorekin topatzea. Jon Urbieta, esaterako, Loiolako kultur etxeko arduraduna da, eta ongi gogoan du Aierbek auzoko kultur mugimenduan egindako lana. «Kultur etxearekin harreman estua izan du, eta auzoan euskal kulturaren sustatzaile eta bultzatzailea izan da. Nik 19 urte daramatzat kultur etxean, eta ordutik bera izan da maiatzeko San Isidro egunaren antolatzailea. Bertako eta inguruko baserritarrekin meza, bertso-bazkaria eta antzekoak prestatu izan ditugu egun horrekin, eta urtero berak egin izan du deialdia», aipatu du Urbietak.
Horretaz gain, Aierbe liburutegiko erabiltzailea ere izan dela gogoan du Urbietak; «bertako kontzertuetara eta hitzaldietara maiz etorri izan da». Gainera, eskualdeko ondarea lantzeko garaian, maiz bisitatu omen dute bere jaiotzako baserria. «Ubegi baserrira askotan joan izan gara bisitan, badituelako arkitektura aldetik zenbait berezitasun», gehitu du Urbietak.
Ongi gogoan du Urbietak Aierberen beste zaletasun bat, egurra lantzea. «Duela urte asko, berak landutako egurrezko kutxekin erakusketa bat jarri zuen», gogoratu du Urbietak.
Hilabete honetan bertan, 25 urte beteko ditu Loiola kultur etxeak eta ezer zehatzik lotua ez bazuen ere, bertan parte hartzeko asmoa zuen Aierbek; «faltan botako dugu, noski, berak utzi duen hutsunea nabarmena izango da». Gainera, berarekin izandako tratuagatik, laudorioak baino ez ditu Urbietak Aierberentzat; «gizon zintzoa, jatorra, euskaltzalea eta langilea zen. Euskara eta euskal kultura asko maite zituen».
«Zuzena eta zintzoa»
Fernando Garijo Loiolako apaiza izan da 36 urtez, 2006an erretiroa hartu zuen arte. Garijok ere harremana izan zuen Aierberekin, elizari lotutako kontuen bidez. «Azken boladan ez dakit, baina euskarazko mezetetako eta hiletetako laguntzailea izan zen askotan. Bere anaia Inaziok ere lan berbera egiten du Aieteko parrokian, euskarazko elizkizunetan. Ubako Ama Birjinaren egunean ere parte hartzen zuen», gogoratu du. Izaerari dagokionean, «oso pertsona ona» bezala oroitzen du Garijok. «Aurrekoan bere arreba Maritxuk esan zidan, Joxe pertsona zuzena eta zintzoa izan zela, eta oso ados nago definizio horrekin. Behin ere ez dut ikusi bere lekutik kanpo, haserre edo korrika, gizon lasaia zen eta bakezalea; hezibide onekoa».
Larunbat arratsaldean egin zuten Aierberen aldeko elizkizuna, eta bere anaiak botatako bi bertsoak oso «hunkigarriak» izan zirela nabarmendu du Garijok; «oso giro goxoa sortu zuten».
San Martingo azokara joan izan da baserriko produktuak saltzeraEuskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea gordetzen dituen Ahotsak ekimenean parte hartu zuen Joxe Aierbek. Egin zioten elkarrizketan, baserriko lanetan nola aritzen ziren gogoratu zuen, besteak beste; haurrak zirenean, baserritik ateratzen baitzuten bizimodua; «esnea eta berdura genituen, eta txekorrak ere hazten genituzten. San Martinera joaten ginen produktuak saltzera, eta ama gaixotu zenean ni ere ibili nintzen xextoa buruan hartuta. Baserritik Txomin Eneara jaisten ginen, eta han tranbia hartzen genuen».


Irutxuloko Hitza, Estitxu Zabala 2012-10-09

Lerro hauetatik ere doluminak famili guztiari eta bereziki bere seme Joxemiri. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario