martes, 11 de septiembre de 2012

ARRAUNLARI LOIOLATARRA KONTXAKO BANDERAN GARAILE KAIKUREKIN

 Kaiku trainera bizkaitarrak irabazi du aurtengo kontxako bandera. garaileen arraunlarien artean Xabier Etxebeste loiolatarra dago, bere 3. kontxako bandera lortu zuelarik. Zorionak Xabier!

Kaiku eta Rianxeira pozik, baita Donostiarra ere

Esperotakoek eskuratu dituzte Kontxako bandera preziatuak, eta ‘Torrekua’ ontziak agur bikaina eskaini dio hiriari
Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian ez zen ezustekorik egon faboritoen artean. Hala, espero zen bezala, gizonezkoetan Kaikuk eskuratu zuen bandera, eta emakumezkoetan Rianxeira galiziarrek. Donostiarrak eman zuen eguneko albiste pozgarria; bere txandan sekulako erakustaldia eginda. San Juanek egindako lan bikainari jarraitzeko gai izan zen Torrekua, eta txandako hirugarrena izan zen, Chapelaren aurretik. Bi arraunlari donostiarrekin hitz egiteko aukera izan du Irutxuloko Hitzak.



Xabier Etxebeste, Kaikuko arraunlaria: “Bagenekien gure lana ongi eginda irabaziko genuela”
Kontxako hirugarren bandera eskuratu du Kaikurekin Xabier Etxebestek (Loiola, 1980); 2007an Oriorekin eta 2008an Castrorekin egin bezala. TKE Liga ere Kaikurena izango da, ezustekorik ezean.
Bandera etxeratzea lortu zenuten igandean.
Nahiko lasai iritsi ginen, aste ona egin genuelako entrenatzen; bagenekien gure lana ongi eginda irabaziko genuela. Igandean hasieratik arraunkera polita hartu genuen, eta pozik.
Nola ikusi zenituzten aurkariak?
Hamaikagarren minutura arte hor ibili ginen bospasei segundoren bueltan, eta nik uste dut bakoitzak bere maila eman zuela; agian Hondarribiak egin zuen pixka bat behera; eta Donostiarra bikain. San Juanek bosgarren geratzeko ez zuela arazorik izango pentsatzen genuen, baina Donostiarrarena bai izan zela ezustekoa. Etxeko trainerua hala ibiltzea polita da. Jendeak asko hitz egiten du Donostiarrrak Kontxan atera behar duen edo ez, eta behintzat maila eman zuen, eta pozik egoteko modukoa da.
Nola ospatu zenuten garaipena?
Sagardotegira joan ginen, Aginagara, eta han ospatu genuen. Gero, 20:00etan harrera izan genuen Sestaon, baina sekulako zaparrada bota zuen eta txitoak bezala bukatu genuen. Gero, trago batzuk hartzera joan ginen, baina nahiko lasai.
Gainontzean, zer moduz Kaikun?
Ezagutzen nituen arraunlari batzuk, eta jende jatorra dago. Kortarekin ohitu egin behar izan dut [barreak], baina oso gustura nago.
Denboraldia bukatzear duzue.
Bai, geratzen zaizkigun Ligako bi estropadak irabaztera irtengo gara; eta gero ongi etorriko zaizkigu oporrak kilo batzuk hartzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario