viernes, 18 de marzo de 2016

ZUHAITZ LANDAKETA AMETZAGAIÑAN



ZUHAITZ LANDAKETA AMETZAGAIÑAN

Martxoaren 20an Basoen eguna ospatzen da. Horren harira, bi zuhaitz landaketa saio antolatu dituzte Intxaurrondoko Ametzagaina parkean.
Bata Haritzalde naturzaleen elkarteak antolatu du. Larunbatean, martxoak 19, hainbat zuhaitz landatuko dituzte. Lizarrak, haritzak, urritzak eta astigar txikiak aukeratu dituzte; Guztira, 250 bat zuhaitz eta zuhaixka.
Horretarako herritarren parte hartzea behar dute, eta basoen eguna eurekin ospatzeko gonbita luzatu dute. Bi hitzordu jarri dituzte: 9:30ean, Loiola kultur etxean; eta 10:00etan Ubako aterpetxean. Landaketa eguerdira arte luzatzea aurreikusten dute.
Jarri ezazu zuhaitz bat zure bizitzan‘ da aukeratu duten leloa. Haritzalde elkartearekin batera, Vasco de Camping mendi elkartea, Kaebnai eta Berriztu elkarteek hartuko dute parte landaketan.

Zumarrak eta tximeletak

W-zuria tximeleta
W-zuria tximeleta
Beste zuhaitz landaketa Cristina Enea fundazioak eta tximeletak ikertzeaz arduratzen den Zerynthia elkarteak antolatu dute, udalaren laguntzaz. Izan ere, Basoen eguna ospatzeaz gain, badute beste helburu bat: Donostialdean bizi den W-zuria deituriko tximeletaren biziraupena bermatu nahi dute.
Tximeleta mota hau zumarrez elikatzen da, eta zumarrek grafiosi onddo-gaixotasuna pairatzen dute azken hamarkadetan. Ondorioz, tximeleta honen biziraupena arriskuan dago.
Igandean 30 zumar landatuko dituzte Ametzagaina parkean, baina zuhaitz bereziak dira. Izan ere, grafiosiari aurre egiteko prestatu ditu Ingurumen saileko Landa Garapenerako zerbitzuak.
Igande eguerdian jarri dute hitzordua Ametzagainan, Martuteneko 27 industriaguneko biribilgunearen eta Garberako biribilgunearen arteko eremuan. Kasu honetan ere, herritarrei luzatu diete landaketan parte hartzeko gonbita.
IRUTXULOKO HITZA 2016-03-17

No hay comentarios:

Publicar un comentario