"DIRUA JARRI ZUTENETIK,LANAK ABIADURA BIZIAN DOAZ"
Bazirudien bukaerarik gabeko istorio bat zela Loiolako Euskotreneko geltokiaren obra. Azken hilabeteetan, ordea, lanak azkar mugitzen ari dira, eta pozik daude auzotarrak. Urumea Ibaia auzo elkarteko kidea da Igor Alonso, eta berarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk: “Bi urtez obrak geldirik egon ostean, mobilizazioekin hasi ginen, eta badirudi serio hartu dutela. Diru falta zen arazo nagusia, eta dirua jarri zutenetik, lanak abidura bizian doaz, eta oso azkar nabaritu dira aldaketak”.
Auzotarrek bat egin zuten lanak geldirik egon ziren garaian, eta protestak eta manifestazioak etengabeak izan dira. “Auzokoak elkartu ginen eta arduradunak ere etorri ziren azalpenak ematera. Gero, biltzen hasi ginen Eusko Trenbide Sareko arduradunekin eta obren nagusiarekin, eta ongi moldatu gara. Hilabetero egiten dugu bilera bat, obrak nola doazen jakiteko, eta nahiko pozik gaude alde horretatik. Harreman zuzena lortu dugu; bestela, Eusko Jaurlaritzara deitu behar genuen, eta prentsa arduradunarengatik galdetu…”
Abendu hasieran jada bota zuten auzoa zeharkatzen zuen trenbide zaharra, eta auzoaren itxura aldatzen ari da. “Oso azkar doa, egitura metalikoa jada egin dute; eta oinarriak jartzeko, moztu egiten dute Aralar mendia kalea egunean zehar. Jendeak ez du kexarik, langileei esaten diete zortekoak direla, esperotako obra bat zelako”. Azken finean, loiolatarrak pozik daude. “Lehen fasean oinarriak jarri zituzten, makinaria bakarrik ikusten zen eta jendeak zalantzak zituen; baina, orain, argi ikusten da lanean ari direla”.
Euskotreneko geltoki berri bat bat izateaz gain, lanak bukatzean -2017-, Lorategi Hiriarekin lotura hobea izango du auzoak batetik bestera igarotzeko. “Aldaketa nabarituko dela uste dut, proiektua polita iruditzen zait, eta epeak beteko dituztela pentsatzen dut”.
Irutxuloko Hitza - Estitxu Zabala 2016-02-12
No hay comentarios:
Publicar un comentario