Irutxuloko Hitza aldizkarian Loiolan orain dela 40 urte gertaturikoari buruzko artikulu eta elkarrizketa interesgarria argitaratu du
Maria Jose Bravo eta Javier Rueda, justiziarik gabeko biktimak
Irutxuloko Hitza - Beñat Parra - 2020-05 29https://irutxulo.hitza.eus/2020/05/29/maria-jose-bravo-eta-javier-rueda-justiziarik-gabeko-biktimak/?fbclid=IwAR0kCo3SwvbiJnjVGBBIP_VvIUWhhcF178wCicBazXdfaZjN4LjdxlewZ40
Egunero egiten zuten moduan, 1980ko maiatzaren 7an, Madrid hiribideko Asepeyo klinikara joan ziren Maria Jose Bravo eta Javier Rueda, 16 urteko Loiolako bizilagunak, Ruedak lanean egindako erredura bat sendatzera. Egun hori, ordea, ez zen beste egun bat izan, Zorroaga pasealekuan eserita zeudela eraso egin baitzieten.
Olaia Ruedaren (Loiola, 1984) familiak oso hurbiletik bizi izan du gertakaria, bere aitaren anaia baitzen Javier, eta bere amaren laguna Bravo. Horrela kontatu du gertakaria Ruedak: “Nire osaba Javierrek amnesia zuen. Gogoratzen zuen bakarra zen Zorroagatik buelta bat eman ondoren, eseri eta zigarro bat piztu zutela eta, bat-batean, Maria Josek burua biratu eta oihu egin zuela. Ustez, osabari kolpe bat eman zioten buruan, ez dakigu zerekin, eta hilda zegoelakoan, mendi magalean behera bota zuten”.
Ruedaren arabera, bere osaba “euriarekin” esnatu zen, eta mendi magala igo zuen ahal izan zuen moduan, burua guztiz odoleztatuta. Paseatzen ari zen gizon batek ikusi zuen, eta handik hurbil zegoen mojen egoitzara eraman zuen, ondoren ospitalera eramateko. Ruedak azaldu du erasoa gertatu zen lekutik gertu etxe bat zegoela, eta “hainbat kontraesan” daudela horren inguruan: “Beti pentsatu izan dugu zerbait ikusi zutela, baina mehatxatuta zeudela. Kontraesanetako bat da etxekoek osaba ikusi zutela, eta deitu egin zutela egoitzara, iritsi zirenerako bere zain baitzeuden mojak. Etxekoei galdetu zietenean, esan zuten Javier ikusi zutela, baina uste zutela korrika egiten ari zela, eta buruan merkromina zuela”.
Javier ZIUn ospitaleratu zuten, eta bi gazteen gurasoek salaketa jarri zuten. Herritar ugari Bravoren bila aritu ziren, baina ez zuten aurkitu. Hurrengo eguneko eguerdian, Radio San Sebastian irratiak esan zuen Bravo bizirik zegoela, eta telefono dei bat jaso zuten bere gurasoek; ahots ezezagun batek zera esan zien: “Kaixo, ama, ez al nauzu ezagutzen? Zure alaba naiz, aitatxo, Amaran nago, Armerien plazan”. Arratsaldean aurkitu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Bravoren gorpua, Javier esnatu zen lekutik gertu. Bravo biluzik zegoen gerritik behera, eta autopsiak frogatu zuen bortxatua izan zela eta buruan kolpatuta hil zutela.
Batallon Vasco Español talde parapolizial ultraeskuindarrak bere gain hartu zuen hilketa, eta Javier bizirik zegoela ikusita, bera eta bere familia mehatxatu zituzten. Bizilagunek familia babestu zutela gogoratu du Ruedak: “Ospitalera deitzen hasi ziren, eta auzokoak zaintza egiten hasi ziren; osaba nire aitona-amonen etxean zegoenean ere zaintza egiten jarraitu zuten”. Era berean, polizia agenteak askotan Javierren bila joaten zirela azaldu du Ruedak: “Osaba ospitaletik atera zenean, polizia askotan joaten zen etxera bere bila, gertakariaren ibilbidea egitera behartuz. Ustez, kasua argitu nahian egiten zuten, baina erotu egin nahi zuten. Azkenean nire izeba bat Gobernu Zibilera joan zen, eta esan zien ez zutela gehiago Javier eramango. Beraiek esaten zuten ikertzen jarraitu behar zutela, ‘agian ETA izan zelako’”.
Hilketaren ondoren, manifestazio jendetsu bat izan zen Erdialdetik Loiolara, eta, bukatzean, poliziak manifestarien aurka jo zuen. “Maria Joseren etxera, esaterako, ke poteak bota zituzten. Poliziaren kargak ez dira ulertzen, manifestazio baketsu bat baitzen”, nabarmendu du Ruedak. Era berean, Bravoren senideek haren arropa eskatu zioten poliziari, baina galdu egin zirela esan zieten.
Familia, betirako markatuta
Javierrek bizitza ia normala egin zuen urte batzuez, baina buruak huts egiten zion, eta handik ia zortzi urtera hil zen.
Javierrek bizitza ia normala egin zuen urte batzuez, baina buruak huts egiten zion, eta handik ia zortzi urtera hil zen.
Horrela, gertakariak familia betirako markatu zuen, “ez zen hitz egiten, baina beti gure inguruan zegoen gai bat zen, oihuka ari zen isiltasun bat zen”, nabarmendu du Ruedak. Era berean, azaldu du bakoitzak era batera eraman izan duela mina: “Amona, esaterako, atearen atzetik negarrez eta argazkiak musukatzen egoten zen beti; gerora jakin dut berak gaiaren inguruan hitz egin nahi zuela. Aitonak, ordea, ez zuen horri buruz hitz egiten, oso barrutik zeraman. Nire izebei dagokienez, batek negarrez bukatzen zuen gaia ateratzen zenean, eta besteak hitz egin nahi zuen, baina ezin zuen, jakina. Nire aitak amorruarekin eraman izan du; gorroto asko zeukan eta dauka oraindik ere. Gu hiru ahizpa gara eta gure artean hitz egiten genuen, agerian zegoen gai bat zelako. Amak ere gauza batzuk kontatzen zizkigun, baina gutxi. Gainera, denetarik egiten utzi digu beti, baina uneoro jakin nahi zuen non geunden eta nola itzuliko ginen”. “Uste dut gertatutakoagatik naizela naizena, hein handi batean”, gaineratu du Ruedak.
Bravo eta Javier oraindik ez daude biktimatzat hartuta, eta hori aldatu behar dela aldarrikatu du Ruedak: “Behintzat biktimatzat hartzea ez legoke gaizki”. Bestalde, Ruedaren arabera, familiak ez du inoiz ulertu zergatik joan ziren 16 urteko bikotearen aurka: “Argi daukagu ez zela zoriz izan, beti ibilbide bera egiten baitzuten. Ez dago errudunik eta ez da sekula egongo; agian bizirik daude, baina kasua ez du inork irekiko”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario