viernes, 11 de septiembre de 2015

2015EKO LOIOLAKO MIKOLOGIA ETA GASTRONOMIA JARDUNALDIEN AURKEZPENA ETA EGITARAUA

Irutxuloko Hitzak auzoko Mikologia eta Gastronomia jardunaldien aurkezpenaren berri eman du.  Hona hemen Estitxu Zabalaren artikukua:
----------------------------------------------------------------------------------------------------------------
PERRETXIKOEN BUELTAN BILDUKO DIRA LOIOLAN BERRIRO ERE
Irailaren 14tik 27ra hainbat jarduera egingo dituzte auzoan, Loiolatarra elkartearen eskutik.
Loiolako Mikologia eta Gastronomia Jardunaldiak dagoeneko klasiko bat bihurtu dira auzoan zein hirian. Hamazazpigarren urtez Loiolatarra kirol elkarteak perretxikoekin lotutako hainbat jarduera antolatu ditu, auzoari zein inguruko herritarrei begira, bertako kultur etxearen laguntzarekin. “Guretzat garrantzitsuena herritarrek parte hartzea da”, aipatu dio IRUTXULOKO HITZAri Loiolatarrako Juan Mari Oderizek. Hain zuzen ere, gaur eman dute jardunaldien berri, elkartean bertan, eta berrikuntza handirik ez duten arren, ilusioz aurkeztu dituzte irailaren 14tik 27ra izango diren jarduerak. “Desio argi bat dugu, euria egin dezala”, aipatu du Loiola kultur etxeko zuzendari Jon Urbietak; horixe behar baitute perretxiko gehiago atera daitezen.
Auzoari irekita egiten dituzten jardunaldiak izaten dira, eta Urbietak jendearen partehartzea nabarmendu du: “Loiola, Donostia eta inguruko herrietako jendea ere hurbiltzen da”. Gainera, urtean barrena ere Loiolatarra erreferente bihurtu dela nabarmendu dute; 40-50 lagun hurbiltzen omen dira urtero, eurek bildutako perretxikoak jangarriak diren edo ez jakiteko.
Jardunaldien barnean, tailerrak, ikastaroak, zein dastaketak izango dituzte, kultur etxean, elkartean eta kalean. Gainera, puntako adituak eta sukaldariak izango dituzte inguruan. Edonola, jardunaldiak bukatutzat ematen dituen jaia izaten da zalantzarik gabe herritar gehien biltzen dituen jarduera. Haur zein helduentzako kontuak izango dituzte: asto ibilaldiak, perretxiko erakusketa, perretxiko pintxo dastaketa… “Iaz auzotik 1.000 lagun inguru igaro zirela kalkulatu genuen”, gehitu du Oderizek. Daniel Palacios perretxiko adituak ere ez du zalantzarik izan: “Halako jardunaldi asko ezagutzen ditut eta Loiolakoak onenak dira, zalantzarik gabe”. Igandeko jai horretan, gainera, zozketa berezi bat egingo dute lehen aldiz: 2 saski, mendirako 2 makil, perretxikoak biltzeko 2 laban, eta mikologia produktuak. Zozketarako txartelek euro bat balioko dute eta txartel bakoitzak bi zenbaki izango ditu. Herritarrengana oraindik gehiago iristeko irrikitan daude, eta deia zabaldu dute jendea hurbildu dadin.
Sari bat jaso berri
Loiolatarrako kideak dagoeneko sariak jasotzera ohitu direla esan daiteke. Izan ere, bat baino gehiago dira jaki goxoak prestatzeagatik jaso dituzten garaikurrak. Azkena atzo bertan jaso zuten; Ordizian. Gastronomia elkarteen arteko pintxo lehiaketa berezia egin zuten, 25. urteurrena zela eta, eta Loiolatarrako bi kidek egindako jakia izan zen irabazlea. Hala, elkartea etorkizunera begira ari da, pintxo berriak sortzeko asmoz.

Loiolako XVII. Mikologia eta Gastronomia Jardunaldiak. EGITARAUA
IRAILAREN 14tik 22ra (8 egun).
  • 19:30-21:00. Mikologia ikastaroak (gazteleraz). Hasiberrientzat: Motak eta sailkapena; aurreko urteetako ikasleentzat: Familiak eta bizilekuak. Irakaslea: Daniel Palacios. Prezioa: 30 euro + 20 euro (materiala, aurreko urteetatik ez dutenentzat). Izen ematea: Loiola kultur etxean edo 943 454 605 telefonora deituta.
IRAILAK 23, ASTEAZKENA
  • 19:30. Hitzaldia: Perretxikoak: Gizarte, ekonomia eta arte arloen garrantzia (gazteleraz). Hizlaria: Gabriel Moreno Horcajada. Loiola kultur etxean. Sarrera, doan.
IRAILAK 24, OSTEGUNA. 
  • 19:30. Mikologia sukalde tailerra. Gaia: Perretxiko errezetak. Loiolatarra elkartean. Sarrera, doan.
IRAILAK 25, OSTIRALA. 
  • 20:30. Dastatze afaria. Sukaldaria: Nacho Terrado (Zizurkilgo Toki Berri jatetxea). Loiolatarra elkartean. Leku mugatuak. Menua: Ontto entsalada, perretxikoz betetako piperrak, izokina, mandarina sorbetea, txerri azpizuna eta arroz-esnea. Prezioa: 35 euro. Izen ematea Loiolatarra elkartean egin beharko da, irailaren 18tik 22ra, 19:00etatik 20:00etara.
IRAILAK 26, LARUNBATA. 
  • Goizez eta arratsaldez. Perritxo bilketa eta sailkatzea. Egun osoan zehar elkartera perretxikoak eraman daitezke, sailkatzeko. Erakusketa bat jarriko dute eta antolatzaileek sariak banatuko dituzte.
IRAILAK 27, IGANDEA. 
  • 10:30-14:30. Perretxiko jaia eta amaiera. Latsarien plazan (euria eginten badu, Atari Eder plazako 3 eta 4 atarien sarreran). Perretxiko erakusketa, haurrek egindako marrazkien erakusketa, mikologia eta gastronomia produktuen erakusketa, perretxiko pintxoen dastaketa, haurrentzako tailerra Sustrai aisialdi taldearen eskutik eta asto ibilaldiak, perretxiko pintxoak auzoko tabernetan (2 euroren truke pintxoa eta edaria)…

Loiolatarrako kideak dagoeneko sariak jasotzera ohitu direla esan daiteke. Izan ere, bat baino gehiago dira jaki goxoak prestatzeagatik jaso dituzten garaikurrak. Azkena atzo bertan jaso zuten; Ordizian. Gastronomia elkarteen arteko pintxo lehiaketa berezia egin zuten, 25. urteurrena zela eta, eta Loiolatarrako bi kidek egindako jakia izan zen irabazlea. Hala, elkartea etorkizunera begira ari da, pintxo berriak sortzeko asmoz.

IRUTXULOKO HITZA, Estitxu Zabala, 2015-09-10






No hay comentarios:

Publicar un comentario