Astiñeneko zubiaren arazoari buruz, atzo asambladan eginiko protesten irudi pare bat.
Eta Irutxuloko Hitzan Amaia Portugalek argitarauriko artikulua;
ZUBIAK ERRETZEN (Amaia Portugal)
Astiñeneko zubiaz hitz egitera noa ni ere. Badakit Ander Edo bitan aritu dela jada honi buruz, eta hiri honek badituela beste hamaika solasgai. Baina arazoaren tamainako estaldura merezi du kontu honek, eta arazo honen inpaktua ez da nolanahikoa: ez dezagun ahaztu hogei mila lagun baino gehiago bizi garela Egian eta Loiolan. Hamar donostiarretik bat. Anoetan Realaren partidatan batez beste elkartzen garen jendetzaren parekoa da hori. Imajinatzen hiru aste… Ah, ez, azkenean hiru hilabete… Tira, berez hiru urte… Futbol zelairik gabe?
Gainera, arazo hau bi auzootatik harago doa. Batetik, zubirik gabe, orain Egiako autobus eta auto gehiagok zeharkatzen dutelako lehendik ere trafiko dentsitate handia duen Erdialdea. Bestetik, hemen ez garelako tokian tokiko problematika bati buruz ari, hiri ereduari buruz baizik. Ez dauden arazoei ustezko irtenbideak ematen tematzen dira gure agintariak (Anoeta berriz ere, Easo Plazatik bost minutura ere ez dagoen Kontxako topoaren geltokia…), benetakoei ezikusiarena egiten dieten bitartean (topoaz ari garela, Pasai Antxo erdibitzen duen trenbidea, hilabetetako atzerapena daraman Herrera eta Trintxerpe arteko lotura…).
Bestela esanda, postalean ez bazaude, ez zara. Gogoratzen 2014ko marea biziak? Agirre Lehendakariaren zubiraino iritsi ziren olatuak, baina egun bete aski izan zuten behin-behineko irtenbideak martxan jarri eta argazkitan hain ondo ematen duten zubi eder horiek zabaltzeko. Astiñenekoak duen arazoa larriagoa da, bai, baina akaso ez zen hain larria izango, garaiz antzeman izan balute. Turismo bulegoan ez dute bertara iristeko argibiderik ematen, ordea. Beste nonbaiten galdetu behar.
Donostiako Udalaren ordezkaritza bat Hanburgon izan dela irakurri dut berriki. Iraunkortasunaz, energia eraginkortasunaz, gizarte kohesioaz eta edukiz hustu ditugun beste zenbait hitzi buruz “ikasten” aritu omen dira. Benetan haien hiriaz zer edo zer ikasi nahi badute, Alemaniara joan beharrik gabe (hegazkinak ez baitira batere jasangarriak), Gaindegiaren www.auzoak.eus webguneari behatzea aholkatuko nieke. Egin ariketa: alderatu hiri morfologiaren puntuazioak Egian eta Amara Berrin, zerbitzuen eskuragarritasunarenak Loiolan eta Grosen, mugikortasun iraunkorrarenak Martutenen eta Erdialdean. Eta gogoratu boto guztiek dutela balio bera udal hauteskundeetan.
Postala eta periferia elkarri bizkarra emanda bizi dira, gero eta gehiago. Zuek ez duzue arazoa ikusi nahi, ordea. Gaztelaniaz esaten den bezala, zubiak erretzen ari zarete. Literalki zein metaforikoki.
No hay comentarios:
Publicar un comentario