martes, 13 de diciembre de 2011

LANGABEZIA AUZOZ AUZO

Enplegu Zerbitzu Publikoak ezagutzera emandako datuen arabera, 9.848 donostiar lanik gabe daude. 
Langabeziaren datu txarrek okerrera egin dute, beste behin, azaroan. Gipuzkoak joera horretatik nolabait aldentzea lortu du urtean zehar, baina urrian bezala, azaroan ere gora egin du. Joan den hilean, 788 langabe berri zenbatu zituzten, hau da, %1, 96 hazi da langabezia. Urte arteko zenbatekoa begiratuta, aldiz, gainontzeko lurraldeak baino askoz modu apalagoan egin du gora. Aldea %3, 85 da, gehien hazi den Bizkaiaren %11,40tik urruti. Hirian bolada txarra luzexeagoa da. Hirugarren hilabetez jarraian hazi egin da langabe kopurua Donostian. Enplegu Zerbitzu Publikoak –INEM ohiak– ezagutarazitako datuen arabera, 9.848 donostiar erroldaturik daude Lanbideren bulegoetan. Zenbateko honek, hiriko biztanleria aktiboaren –lan egiteko prest dauden 16 urtetik gorako hiritarrak– %10,32 ordezkatzen du. Hilabete batetik bestera, 114 donostiar gehiago dabiltza lan bila, hilabeteko epean %1 hazi baita langabezia. Iazko datuarekin alderatuta, egoerak ez du hobera egin, orduan baino 325 langabe gehiago baitaude, hau da, %3,4 hazi da.
Datuak sektoreka begiratuz gero, joera txarrak bere horretan jarraitu du azken asteetan. Berdin mantendu den lehen sektorea eta 3 langabe gutxiago dituen industria izan ezik, gainontzekoetan lan bila dabiltzanen kopuruak gora egin du. Ohi bezala, igoera nabarmenena zerbitzuen alorrean izan da. Hiru langabe berrietako bik –orotara, 70 lagun– hirugarren sektorean jardun nahi du, hain zuzen ere. Jarraian, aurrez lanik ez zutenen multzoa dator; hauei, 30 donostiar gehiago batu zaizkie. Eraikuntzan, aldiz, 10 langabe berri daude. Azaro amaieran, beraz, sektore bakoitzeko zenbaketa ondokoa zen: Zerbitzuetan, 7.216; industrian, 997; eraikuntzan, 814; aktibitaterik gabeko alorrean, 678; eta lehen sektorean, 98.
Langabeen profilari dagokionez, lan eske erroldatutako gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua ia bera da: 58 eta 56, hurrenez hurren. Kopuru orokorretan ordea, emakumezko gehiago daude beharrik gabe, 5.256; 4.592 gizonezkoren aldean. Adinari erreparatuta, berriz, 45 urtetik gorakoak gelditu dira gehien bat lanik gabe. Izan ere, erroldetan izena eman duten 114 lagunetatik, 63 adin tarte horretakoak baitira.Gainontzeko adin tarteetan ere igoera izan da, baina apalagoa.
Auzoz auzo, Altza, Amara Berri eta Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldok jarraitzen dute zerrenda beltzaren buruan. Hobera egin duen bakarra, Amara Osinaga-Loiola-Martutene da. Gune honetako 26 biztanlek lana aurkitu baitute azken asteetan.
Langabeak auzoz auzo
  • Altza. 1.533 (1.500 urrian)
  • Amara Berri. 1.152 (1.142)
  • Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.141 (1.140)
  • Intxaurrondo. 1.032 (1.019)
  • Egia. 835 (824)
  • Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 733 (759)
  • Gros. 716 (715)
  • Miramon-Aiete. 707 (698)
  • Erdialdea-Amara Zaharra. 652(637)
  • Bidebieta. 523 (508)
  • Ategorrieta-Ulia. 488 (467)
  • Parte Zaharra. 286 (276)
Maitane Aldanondo - Irutxuloko Hitza - 2011-12-12

No hay comentarios:

Publicar un comentario