miércoles, 21 de marzo de 2012

LANGABEZIAREN DATUAK AUZOZ AUZO

Hiriko enpleguak okerrera egin du, eta langabezia 11.000 lagunetik gertu dago


Lan Behatokiaren datuen arabera, otsailean 221 donostiarrek izena eman dute Lanbideren bulegoetan.
Azken asteetan 221 lagunek izena eman dute Lanbideren bulegoetan. (Argazkia: Mikel Goñi)
Espainiako Enplegu Zerbitzuaren Lan Behatokiak ezagutarazitako zenbaketaren arabera, otsaila amaieran, 10.849 donostiar lan bila zebiltzan. Hilabete bakarrean, beraz, 221 lagun gehiago gelditu dira lanik gabe. Gehitzearen datua urtebete lehenago izandakoaren antzekoa den arren, orduko eta oraingo zenbaketa alderatuz gero, %7,6 hazi da. Hori horrela, hiriko langabezia tasa, %11,8koa da. Hiriko joerak bat egin du Gipuzkoak jasandakoarekin; biek ala biek gora egin baitute. Adituen aurreikuspenen arabera, aurtengoa urte txarra izango da enpleguarentzat. Ondorioz, 11.000ko langa martxoan bertan gaindi daiteke.
Dena den, kontaketa guztiak ez dira txarrak izan. Donostia Sustapeneko Hiri Behatokiaren datuen arabera,iazko otsailekoekin alderatuta, kontratazioak %7,2 hazi dira. Izan ere, azken asteetan, 6.492 kontratu sinatu dira, iaz baino 437 gehiago. Hala ere, urtarrilarekin alderatuta, 58 gutxiago izan dira. Kontratuen %3,3 mugagabeak izan dira; %94,7 aldi baterakoak, eta %2 mugagabe bihurtu dituzte. Gehienak emakumezkoei egin dizkiete, %54,6. Hala ere, iazko datuekin alderatuta, gehiago izan dira gizonezkoei egindako kontratuak. Hauek%10,7 hazi dira, eta emakumezkoei egindakoak, %4,6.
Zerbitzuetan, lautik hiru
Hiriko langabearen profila bere horretan mantendu da: Zerbitzuetan lan egin nahi duen 25 eta 45 urte arteko emakumezkoa. Azken asteetako igoerak ere profil horretan egokitzen direnak kaltetu ditu gehien. Izan ere, 221 langabe berrietatik, 122 emakumezkoak baitira eta 99 gizonezkoak. Orotara ere, joera bera da; emakumezkoak dira nagusi: 5.770, 5.079 gizonezkoren aldean. Adinari dagokionez, berriz, 25 eta 44 urte arteko multzoa da gehien hazi dena; eta hiriko langabeen erdia baino gehiago hartzen du, 5.684 baitira. Ondoren, 45 urtetik gorako 4.395 langabeak daude. Nahiz eta 25 urte azpikoen multzoa txikiena izan, gutxika handitzen doa. Otsailean 726 ziren, urtarrilean baino 42 gehiago.
Sektoreka, ia alor guztiek okerrera egin dute azken asteetan. Izan ere, arrantza eta nekazaritza biltzen dituen lehen sektoreak bere horretan eutsi baitio; eta urtarrilean bezala, 107 dira bertan lana bilatzen dutenak. Langabe berriei dagokionez, lautik hiruk, zerbitzuetan aritu nahi dute. Zenbaketari erreparatuz gero, sektore bakoitzeko datuak ondokoak dira: Zerbitzuetan, 8.024 langabe; industrian, 1.060; eraikuntzan, 896; aktibitaterik gabeko alorrean, 762; eta lehen sektorean, 107.
Auzoetan gorabeherak
Langabezia auzoz auzo nola banatzen den begiratuz gero, urtarriletik otsailera egoera ez da gehiegi aldatu. Altza, Amara Berri, Antigua-Ibaeta-Añorga-Igeldo eta Intxaurrondo dira zerrenda beltzean lehenak. Guztietan, mila langaberen kopurua gainditzen da; eta hurrenez hurren, 1.738, 1.255, 1.245 eta 1.110 dira.
Bestalde, Altzan hazi da gehien langabe kopurua, azken hilabetean, 44 lagun batu baitira. Jarraian, Miramon-Aiete dago. Hilabeteko epean gune honetako 39 auzotan gehiago daude lanik gabe. Aipagarria ere Grosen izandako igoera, 31 langabe berri baitaude auzoan.
Erdialdea-Amara Zaharra, Intxaurrondo eta Amara Berri auzoetan, berriz, kontrako joera izan da. Hauetan behera egin du langabe kopuruak. Hurrenez hurren, auzootako 10, 4 eta 2 lagunek aurkitu dute lana. Bidebietan, berriz, kopurua bere horretan mantendu da, ez gora, ez behera.
AUZOZ AUZO
  • Altza. 1.738
    (1.694 2012ko urtarrilaren 29an)
  • Amara Berri. 1.255 (1.257)
  • Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.245 (1.225)
  • Intxaurrondo. 1.110 (1.114)
  • Egia. 924 (899)
  • Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 819 (811)
  • Gros. 796 (765)
  • Miramon-Aiete. 790 (751)
  • Erdialdea-Amara Zaharra. 688(698)
  • Bidebieta. 532 (532)
  • Ategorrieta-Ulia. 528 (532)
  • Parte Zaharra. 341(317)
Irutxuloko Hitza, 2012-03-20

http://irutxulo.hitza.info/2012/03/20/%EF%BB%BFhiriko-enpleguak-okerrera-egin-du-eta-langabezia-11-000-lagunetik-gertu-dago/

No hay comentarios:

Publicar un comentario