miércoles, 22 de febrero de 2012

811 LANGABETU LOIOLA-MARTUTENE-AMARA OSINAGA AUZOETAN

10.628 donostiar lanik gabe daude

Espainiako Lan Behatokiak ezagutarazitako datuen arabera, urtarrila 10.628 langaberekin amaitu zen Donostian. Hau da, urteko lehen hilabetean, 822 donostiarrek lanpostua galdu eta izena eman zuten Lanbideko zerrendetan. Zenbaketaren emaitza berez txarra da, baina are gehiago, iazko kopuru altuena –10. 418 langabe– ere gailentzen duelako. Azken urteetako daturik txarrena eman du, beraz, urtarrilak.
Enpleguarentzat oso hilabete kaskarra izan ohi da urteko lehena, baita hazkunde garaietan ere. Krisi urteetako urtarriletako igoerak alderatuta; aurtengoa izan da handiena, iazkoa bikoiztetik gertu. Urte batetik besterako diferentzia ere nabarmen hazi da: 2010etik 2011ra %3,06 gehitu bazen; iaztik hona, %7,42.
Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteko arduradunek 2012a urte “latza” izango dela ohartarazi zuten otsail hasieran. Ekonomia atzeraldian sartzea espero dute, eta Gipuzkoako enpresen %5ek ixtea. Ikusteko dago Espainiako gobernuak onartu berri duen lan erreformak etorkizun iluna are gehiago belztuko duen, eta langabeziari nola eragingo dion. Aditu askok dioen moduan kaltegarria bada, eta azken urteetako bilakaera errepikatuz gero –gutxienez, maiatza arteko igoera–, hirian, 11.000 langaberen muga datozen hilabeteetan gaindituko dela aurreikus daiteke.
Emakumezkoak gehiengo
Hilabetero bezala, Altzan daude langabe gehien, eta bertan, beste auzoetan baino gehiago hazi da kopurua. Orotara, 1.694 dira, abenduaren 31n baino 141 gehiago. Zerrenda beltzan hurrengoa Amara Osinaga-Loiola-Martutene da. Abenduan baino 127 auzotar gehiago daude lanik gabe, eta jada, 811 dira. Txanponaren beste aldean, Parte Zaharra eta Ulia-Ategorrieta. Langabe gutxien dauden auzoak dira, eta gutxien hazi direnak. Hurrenez hurren, 317 eta 486 dira.
Zenbatekoen atzean dauden pertsonei dagokienez, hiriko langabeen profilak aldaketa gutxi izan du. Azken asteetako igoerak nori eta nola eragin dion begiratuz gero, kaltetuenak, 25 eta 45 urte arteko emakumezkoak izan dira, beste behin. Izan ere, 822 langabe berrietatik 461 emakumezkoak baitira, eta 361 gizonezkoak. Guztira ere, emakumezkoak dira gehiengo: 5.187, 4.619 gizonezkoren aldean. Adin tarteei dagokienez, aldiz, 25 eta 45 urte artekoak hazi dira gehien. Multzo handiena osatzen dute, eta 410 lagun berri gehitu zaizkie, 5.059 langabera iritsiz. Jarraian, 45 urtetik gorakoak. Hauek 4.395 dira. Gazteena talde txikiena izan arren, gutxika hazten doa. Hilabetea, 25 urte azpiko 71 langabe gehiagorekin amaitu zen; eta guztira, 684 langabe dira.
Donostiar hauek bilatzen duten lan motari dagokionez, berritasun gutxi. Zerbitzuen alorrean lan egin nahi du lau langabetik hiruk. Izan ere, kale gorrian gelditu direnen gehienak, 649, bertan aritu baitira. Honen erantzuna, hein batean bederen, Eguberritarako egiten diren kontratazioen amaiera da. Gainontzeko sektoreeek ere bide bera jarraitu, eta gora egin dute. Horrela banatzen dira langabeak sektoreka: Zerbitzuetan, 7.859; industrian, 1.045; eraikuntzan, 892: aktibitaterik gabeko alorrean, 725; eta lehen sektorean, 107.
AUZOZ AUZO
  • Altza. 1.694 (1.553 2011ko abenduaren 31n)
  • Amara Berri. 1.257 (1.130)
  • Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo. 1.225 (1.134)
  • Intxaurrondo. 1.114 (1.003)
  • Egia.899 (834)
  • Amara Osinaga-Loiola-Martutene. 811 (738)
  • Gros. 765 (725)
  • Miramon-Aiete. 751 (702)
  • Erdialdea-Amara Zaharra. 698 (643)
  • Bidebieta. 532 (506).
  • Ategorrieta-Ulia. 503 (486)
  • Parte Zaharra. 317(301)
Maitane Aldanondo, Irutxuloko Hitza, 2012-02-22

http://irutxulo.hitza.info/2012/02/21/%EF%BB%BF10-628-donostiar-lanik-gabe-daude/

No hay comentarios:

Publicar un comentario