miércoles, 13 de junio de 2012

MARTUTENEKO LURREN DESJABETZEA AHT DELA ETA

 Martuteneko hainbat auzokide abiadura handiko trenak ekarriko duen beraien lurren desjabetzaren aurka borrokan dabiltza. Nahiz eta hau Loiolako bloga izan, hain gertu gelditzen zaigun gai bat izanik interesgarria iruditzen zaigu berau jarraitzea:

Martuteneko baserritarrak babesgabe utzi dituztela salatu du AHTaren aurkako taldeak

Abiadura Handiko Trena egiteko Martutenen lur desjabetzeen akten altxamendua egiteko agindu du Espainiako Sustapen AHTaren aurkako taldeak udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin du, Urumean porlan gehiago ez! AHT Gelditu! lelopean. Izan ere, gaur eta bihar, AHTak kaltetutako bizilagunek Hirigintza sailera jo behar dute lur desjabetze aktak sinatzera. Donostiako Udalak kalteturiko hiru lur-sail publikoren desjabetze aktak udaletxean sinatzeari uko egin izana, eta Sustapen Ministerioko ordezkariei desjabetze akten sinadura horiek lur kaltetuetan bertan egin ditzaten eskatu izana aipagarria dela adierazi du.
Goiatz Berri eta Agirretxe baserriak
AHTren Donostiako sarbidea “lehenbailehen” egite aldera Espainiako Sustapen Ministerioak “inprobisazioa” agerian utzi  duela dio AHTaren aurkako taldeak.  Martuteteneko baserritarrak babesgabe utzi dituela salatu du,  lurren desjabetzak AHTren “behin-behineko egitasmo” baten arabera egiteko agindu duelako Espainiako Sustapen Ministerioak.  Goiatz-Berri baserriaren kasua plazaratu du: ”Behin-behineko egitasmo horren lanek ustekabean bete-betean harrapatu eta berehala lurrera botatzekotan dira , nahiz eta baserri hori aldez aurretik ez zen inoiz AHTren egitasmoak kaltetua izan”.
Goiatz-Berri baserriaren egoera Urumean gertatzen ari denaren erakusle dela uste du: “Autobiaren eta Bigarren Gerrikoaren eraikuntzaren ondorioz hainbat lur eta negutegi galdu ondoren, oraingoan baserri-etxea bera suntsituko du AHTaren behin-behineko sarbide batek”.
Agirretxe baserriaren kasuaren berri ere eman dute: “Duela bizpahiru urte Martuteneko ibarraren erdian bizi ziren landetxea utzi, eta bertan behera bota behar izan zuten Bigarren Gerrikoaren Urumeako biadukto eskergaren itzalpean egoteak ekarritako bizibaldintza kaxkarren ondorioz, baita hainbat lur galdu ere Autobiatik Astigarragara eraikitako lotuneak harrapatuta. Orain AHTren Donostiako behin-behineko sarbidea igaroko da altxa berri duten etxearen ondo-ondotik ustekabe batean”.
Urumea ibaia, gehien kaltetutakoa
AHTaren aurkako taldearen ustez, nekazaritzako lurrekin batera, Urumea ibaia izango da obra honek gehien kaltetuko duena: “Desjabetze hauek AHTaren Hernani-Astigarraga zatian kokatzen dira. Urumea ibaia hiru aldiz zeharkatuko du1’025 Km luzeko eta hormigoizko 76 pilare izango dituen Hernani-Ergobia biaduktoa eraiki nahi dute bertan. Urumeako ibarrean dauden lur bigun eta buztintsuak kontuan hartuta, obra horiek sakonean zimentatu beharko dituzte, ibaiaren ingurunea birrinduz”.

Irutxuloko Hitza 2012-06-13

http://irutxulo.hitza.info/2012/06/13/martuteneko-baserritarrak-babesgabe-utzi-dituztela-salatu-du-ahtaren-aurkako-taldeak/


“Baserri lurrak bai, AHTrik ez!”

Martuteneko hainbat bizilagunek gaur eta bihar udalera joateko deia jaso dute, Espainiako Sustapen Ministerioaren bidez, euren lurren desjabetza onartzeko. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren lanak direla eta, auzoko etxe bat baino gehiago bota nahi ditu. Guztira, 150.000 metro koadro dira behin behineko fasea deituriko lanetarako ministerioak desjabetu nahi dituenak, AHTrik ez mugimenduak emandako datuen arabera. Martuteneko bizilagunei babesa emateko eta agindua ez betetzeko deia egiteko, AHTrik ez mugimenduko kideek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. “Denak gara kaltetuak” edo “baserri lurrak bai, AHTrik ez!” leloak oihukatu dituzte, besteak beste. Ertzaintza ondoan izan dute.

 Irutxuloko Hitza 2012-06-13

http://irutxulo.hitza.info/2012/06/13/baserri-lurrak-bai-ahtrik-ez/

No hay comentarios:

Publicar un comentario