jueves, 21 de junio de 2012

URKIKO ZUBIA ALDATZEKO HITZARMENA

Urkiko zubia aldatzeko hitzarmena prest du udalak

Uholdeen aurka neurriak hartzeko bilera egin dute hainbat erakundetako ordezkariek
Azaroko uholdeek Urumea ibarreko bazterrak suntsitu zituzten. Halakorik ez errepikatzeko, erakunde arteko lankidetza ezinbestekoa da, eta atzo beste urrats bat egin zuten. Erakunde bakoitza ematen ari den pausoen berri izateko aukera izan zuten. Hala, Ur-Kirolak pareko zubia ordezkatzeko prozesuan, Donostiako Udalak bi erakunderen arteko hitzarmen zirriborroa aurkeztu dio Uraren Euskal Agentziari, berak behin betiko proiektua egin dezan.
Egiako zubian urak bere bidea inongo arazorik gabe hartzeko lehentasunak zeintzuk diren zehaztu zituzten, atzo, udaletxean elkartu ziren Eusko Jaurlaritzako eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Donostia, Astigarraga eta Hernaniko udaletako arduradunek, Añarbeko Urak erakundeko ordezkariek, Kosta Zuzendaritzako kideek eta hainbat bizilagun elkartetako kideek.
ETSren (Eusko Trenbide Sarea) trenbidearen Loiolako zubiaren ordez, beste bat egitea izango da premiazko beste neurrie horietako bat. Proiektua prest dago.
Donostiako Udalaren ardura izango da, halaber, Hiri Lorategiarentzat plan berezi bat osatzea. Partaidetza prozesu bat jarriko dute abian, eta datorren urte hasieran behin behineko egitasmoa mahai gainean prest egotea espero dute.
Uholdeen aurkako neurriak hartzerakoan, Txomin Enea izango da beste arreta gune nagusietako bat. Auzune berriaren inguruko plan berezi bat osatzen ari dira, eta horrek ibaia handitzen denean libre izango dituen eremuak finkatzeko balioko dio Uraren Euskal Agentziari. Martutenen hartu beharreko neurriak, berriz, 2014an abia daitezkeela uste dute.
Erakundeok udazkenean finkatu dute berriro elkartzeko hitzordua. Epeak eta finantziazioa jorratzeko asmoa dute orduan.

Irutxuloko Hitza, 2012-06-20
http://irutxulo.hitza.info/2012/06/20/urkiko-zubia-aldatzeko-hitzarmena-prest-du-udalak/

No hay comentarios:

Publicar un comentario