Giuliano Mezzacasaren argazkiek Urumearen ingurua eta ondarea jaso dituzte Loiola kultur etxean dagoen erakusketa batean.
Argazkietako kolore faltak ikusten denaren garrantzia handitzen du. Modu
horretan, poesiaren eta dokumentalgintzaren arteko nahasketa egin du
Giuliano Mezzacasa argazkilariak (Belluno, Italia, 1938).
Jorge Gonzalez Arangurenekin batera Urumea ibaiari buruzko argazki
liburua-edo, argitaratzeko asmoa zuen Mezzacasak. Baina, proiektuaren
ezaugarriak zirela eta, luze jotzen ari zen. Gauzak horrela, italiar
donostiartuak beste zerbait egitea erabaki zuen, eta Cristina Enea
Fundazioko kideekin duen harremana dela eta, bere argazkiak «eskaintzea»
erabaki zuen.
Fundazioko kide den Oier Etxeberriak harrera ona egin zien argazkiei,
eta egunotan gauzatzen ari den HidroLogikak egitarauaren barruan
txertatu zituzten erakusketa gisa.
Multzoa Urumea ibaia Fagollagatik bokaleraino izenarekin batailatu, eta ikusgai ipini dute Loiola kultur etxean, uztailaren 27a arte.
Sentimenduen irudi jarioa
Urumearekin antzekotasun handia dauka erakusketak. Ikusleak ezin du
erabaki zein izango den irudien jarioa; erakusketa izan arren,
proiekzioa ere badelako. Mezzacasak dioenez, «hasierako arrazoia
aurrekontua izan zitekeen arren, proiekzioa gauzatu izanak on egin dio
bildumari».
Duela lau hamarkada eta gaur egun ateratako argazkiek bat egiten dute
bederatzi minutuko eskas irauten dituen proiekzioan. Argiz egindako
ur-laster horretan, Mezzacasaren hitzak ere sartzen dira. «Azkenean oso
ondo gelditu dira nire hitzak, Javier Erkiziak irakurtzen dituelako».
Ondareak, ohiturek eta paisaiak ere bustitzen dituzte bere oinak zuri
beltzeko arte jarioan. Ez dira falta, esaterako, ibaiaren bukaeran
hondarra ateratzen ziharduten gizonen erretratuak, edo dagoeneko
desagertuta dauden industria eraikinak. Horiek guztiak Urumeak izandako
garrantziaren erakusle dira.
Irudiek eta sentimendu horrek garrantzia handiagoa hartzen dute Loiola
kultur etxearen erakusketa aretoan. Izan ere, aretoak Urumea ibaia
Fagollagatik bokaleraino bilduma erakusteko itxura berezia hartu baitu.
Ilun aurkituko du ikusleak gela, hiru argi gune soilez hornituta.
Mezzacasaren argazkiak erakusten dituen pantailarena, Gonzalez-en testu
baten kopiak gordetzen dituen mahaiarena eta bilduma osoari kolorea
jartzen dion margolana argiztatzen duena. Azkeneko hau kultur etxearen
funtseko alea da.
Malenkonia kutsua ematen dio erakusketari argi-ilunen jokoak; hiriak
Urumea ahaztu izanak sortutako sentimendua. Honen aurrean, Mezzacasak
gonbite bikoitza egiten die donostiar guztiei, ibaia bera eta bere
erakusketa ikustera joateko gomendioa eman die. «Urumea ezezaguna da
askorentzat, eta berreskuratu behar ditugu bere ingurua, eta bere
ondarea».
Mikel Goñi, Irutxuloko Hitza 2012-05-08
http://irutxulo.hitza.info/2012/05/08/fagollagatik-bokaleraino-zuri-beltzean/
Blog dedicado al barrio de Loiola, de Donostia, donde los vecinos del barrio pueden expresarse, publicar sus sugerencias, quejas y todo lo relacionado con nuestro barrio. Email para publicación de información: loioladonostia@gmail.com Loiola auzoari buruzko bloga, non bertako auzotarrek beraien berriak, kexak, aholkuak edo auzoarekin loturik dagoen beste edozer argitaratu dezakete. Blog honetan argitaratua izatea nahi duzuen informazioa loioladonostia@gmail.com helbidera bidali dezakezue.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario